Ostegunean hasi eta igandera bitarte, Euskal Film Astearen hirugarren edizioa antolatu du Gernika Deutsch-Baskischer Kulturverein elkarteak Berlingo Kino Moviemento aretoan. Loreak (2014), Lasa eta Zabala (2014), Echevarriatik Etxeberriara (2014), Amaren eskuak (2013) eta Ateak zabalduz (2014) euskal produkzioak aurkeztuko dituzte, beren egileen eskutik.
Aurreko edizioetako arrakasta ikusita, Berlingo Euskal Etxeak Euskal Film Astearen hirugarren edizioa antolatu du Berlingo Kino Moviemento aretoan, Alemaniako zine areto zaharrenean, hain zuzen. Fikziozko hiru lan eta bi dokumental proiektatuko dituzte, azaroaren 5etik 8ra.
Hilaren 5ean, Pablo Malo zuzendariak Lasa eta Zabala filma aurkeztuko du. Hurrengo egunean, azaroak 6, Karmele Jaioren eleberrian oinarritutako Amaren eskuak filma proiektatuko dute, Mireia Gabilondo bere zuzendariaren eskutik. Azaroaren 7an, berriz, Ander Iriarte bertaratuko da Euskal Etxera Echevarriatik Etxeberriara bere bigarren dokumentala aurkeztera.
Jaialdiari amaiera emateko, azaroaren 8an, bi lan ikusi ahal izango dira. Batetik, Juanmi Gutierrezek Ateak zabalduz okupazioaren inguruko dokumentala aurkeztuko du, eta bestetik, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Loreak proiektatuko dute.
Bestetik, zinemaldiaz gain, egitarau oparoa prestatu du Berlingo Euskal Etxeak azarorako. Azaroaren 6ean, Amaren eskuak filmaren proiekzioarekin bat eginez, Karmele Jaio idazleak irakurketa eta solasaldi bat gidatuko du. Bestetik, hilaren 17an, Ludger Mees historialariak Una esvastica sobre el Bidasoa (2013) dokumentala aurkeztuko du, eta hitzaldi bat emango du ostean. 27an, Irati Elorrieta eta Danele Sarriugarte idazle gazteekin solasaldia izango da, Berlingo hiriaren eta beren lanaren arteko harremanean sakontzeko.
Info +: Programazio osoa