Truman
Ricardo Darin argentinarrak eta Javier Camara espainiarrak Zilarrezko Maskorra jaso zuten Donostia Zinemaldian Truman film ederrean egindako langatik. Cesc Gay filmeko zuzendari eta gidoigileak aurrez aurre jarri ditu bi aktoreak intentsitatez eta umorez beteriko drama honetan. Julianek Kanadan bizi den Tomas lagunaren ustekabeko bisita jasoko du. Lau egunez, une hunkigarri eta harrigarriak biziko dituzte bi lagunek. Izan ere, elkar ikusten duten azkena aldia izan daiteke.
Truth
Gertaera errealetan oinarrituriko kazetaritza thrillerrak Cate Blanchett eta Robert Redford luxuzko bikotea du protagonista. 2004ko AEBetako hauteskundeen bezperan, CBS albistegiko Mary Mapes ekoizleak (Cate Blanchett) eta Dan Rather aurkezleak (Robert Redford) hauteskundeen norabidea alda dezakeen berri bat zabalduko dute. Egindako antzezpenari esker, Blanchett Oscar sarirako proposa dezaketela diote hainbat adituk.
3 coeurs
Veneziako Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu zuten iaz Benoît Jacquoten 3 coeurs drama. Sylvie, Marc eta Sophieren arteko maitasun triangelua du aztergai lanak. Benoît Poelvoorde, Charlotte Gainsbourg eta Chiara Mastroianni dira filmeko aktore nagusiak.
Educazione siberiana
2012ko Italiako David di Donatello sarietan, 11 kategorietan proposatu zuten Gabriele Salvatoresen 80ko hamarkadan girotutako drama. Niclai Lilinen bizitzan oinarrituta dago eta SESBen erorketaren aurretik, Stalinek Transnitriara deportatzen zituen Urka komunitateko kriminal siberiarren bizimodua kontatuko du.
El gran vuelo
Malagako zinema jaialdian dokumental onenaren garaikurra eskuratu zuen Carolina Astudillo Muñozen El gran vuelo lanak. Clara Pueyo Jornet Alderdi Komunistako militanteak Bartzelonako Les Corts espetxetik ihes egin zuen Espainiako diktadura frankistaren lehen urteetan, eta haren arrastoa galdu egin zen betirako. Garaiko emakumeen borroka isalatu nahi izan du filmak.
The Last Five Years
Cathy (Anna Kendrick) aktore izan nahi duen gaztearen eta Jamie (Jeremy Jordan) etorkizun oparoko idazlearen arteko harremana kontatuko digu Richard LaGravenese zuzendariaren berrienak. Tony saria irabazi zuen Broadwayeko musikal homonimoan oinarritutako lana, generoa maite dutenentzat ezinbestekoa.
Little Boy
Mexikotik, aldiz, Alejandro Monteverde zinegilearen gerra giroko drama helduko zaigu: Little Boy. 40ko hamarkadako AEBtako herri txiki batean bizi den zazpi urteko mutiko txikia da filmeko protagonista; aitak frontera joan beharko du, II. Mundu Gerran borroka egitera, eta haurrak ingurukoen burlei aurre egin beharko die hura bueltan ekartzeko.
Das grosse Museum (The Great Museum)
Johannes Holzhausenen margolaritzari buruzko dokumentala. Viennako Kunsthistorisches museo erraldoiaren eguneroko jarduna aztertuko du lanak: garbiketa, artelanen aukeraketa, enkanteak, erakusketen muntaketa…
The Propaganda Game
Eta dokumentalekin jarraituz, Donostia Zinemaldian aurkeztu zuten Ipar Koreako propaganda aztergai duen Álvaro Longoriaren lan berria. Ipar Koreako gobernu komunistarentzat lan egiten duen atzerritar bakarra da Alejandro Cao de Benós, eta hari esker, herrialdean filmatzeko aukera izan dute. “Egia” manipulatzeko baliatutako estrategia ezberdinak pantailaratuko ditu dokumentalak.
The Intern
Asteko komedia Robert De Niro eta Anne Hathaway aktoreen eskutik. Hathaway modako online negozio baten jabea da. Enpresak 70 urteko bekadun bat (De Niro) kontratatuko du, eta hark gaztearen haserrea piztuko du hasieran. Hala ere, pixkanaka, langile berria ezinbesteko pieza bilakatuko da enpresaren egunerokoan. Nancy Meyersek gidatutako lana.
The Last Witch Hunter
Ohi duen estiloari jarraiki, Breck Eisner zuzendari estatubatuarraren lan berriena fantasia eta beldurrezko generoan kokatzen da. New Yorkeko azken sorgin ehiztari leinuaren istoria kontatuko du, Vin Diesel aktorea buru. Ikusgarriena, efektu digitalak.
Fünt Freunde 4 (Los cinco y el secreto de la pirámide)
Mike Marzuk zuzendari alemaniarrak Bostak eleberrietan oinarritutako filmen saga homonimoaren laugarren atala aurkeztu berri du. Nerabeei zuzendutako abenturazko filmak Julian, Dick eta Anne neba-arrebek eta haien lagunek Egiptora egingo duten bidaia pantailaratuko du.
El cadáver de Anna Fritz
Thrillerra eta drama uztartzen dituen proposamena da Héctor Hernández Vicensen berriena, Sitgeseko Zinemaldian aurkeztu berri dutena. Pau hospitale bateko zaindari isil eta lotxatia da; egun batean, Anna Fritz aktore gazte eta ederraren gorpua ekarriko dute hospitaleko gorputegira, eta Pauk argazki bat aterako dio. Hark eta lagunek erakarpen berezi bat sentituko dute neskagatik. Une horretatik aurrera, irteerarik gabeko infernu misteriotsuan sartuko dira gazteak.
Las aventuras de Moriana
Moriana Films ekoizpen etxe espainiarrak, ostera, David Perea eta Luis Soravillak gidatutako komedia aurkeztuko dute, Las aventuras de Moriana. Hiru haurren ama den Magdalena etxetik botako dute, eta zailtasun ekonomikoei aurre egiteko jatetxe bat muntatuko du. Aitaginarrebak, gurasoak eta neba-arrebak ekarriko ditu laguntzeko, baina ideiak ez du arrakastarik izango, eta film bat errodatzea otuko zaio.
Bendita calamidad
Gaizka Urrestiren komediak, azkenik, Tarazonako (Zaragoza) festa batean eraikitzaile aberats bat bahitzen ahaleginduko diren bi anaia ditu protagonista. Nahastu egingo dira, eta elizbarrutiko apezpikua bahituko dute eraikitzailearen ordez.