Azaroaren 13tik 20ra egingo dute Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko 57. Zinemaldia. 65 filmek hartuko dute parte Sail Ofizialean, eta horietatik zazpi euskal zinegileek egindakoak izango dira. Aurtengoan, hiru Ohorezko Mikeldi sari banatuko dituzte: Juan Ruiz Anchía zine argazkilari bilbotarrari, maiatzean desagertu zen Aitor Mazo antzezleari eta Aki Kaurismäki zinegile finlandiarrari.
Azaroaren 13an abiatuko dute Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia (Zinebi) Bilboko Arriaga Antzokian. Inaugurazio ekitaldian omenaldi bikoitza egingo dute. Batetik, Ohorezko Mikeldia emango diote Juan Ruiz Anchía zine argazkilari bilbotarrari, nazioartean izan duen ibilbide oparoa dela-eta. Bestetik, Aitor Mazo aktoreak (1961-2015) hil ondorengo Ohorezko Mikeldi saria jasoko du.
Edizio honetako Ohorezko hirugarren Mikeldia Aki Kaurismäki zinegile finlandiarrari emango diote, bere filmografia osoan erakutsi duen estilo unibertsalarengatik. Kaurismäkik azaroaren 20an jasoko du bere saria, zinemaldiaren itxiera ekitaldian.
Fikziozko lanak, dokumentalak eta animaziozkoak
Orotara 65 filmek parte hartuko dute Sail Ofizialean, Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko lehian: 34 fikziozko lan, hamalau dokumental, eta hamazazpi animazio. Lehiaketarako aukeratu dituzten lanen artean, zazpi euskal zinegileek egindakoak dira, eta jaialdiaren inaugurazio ekitaldian eskainiko dituzte. Honakoak dira:
- Dena ez dabil ondo (2015), Ander Parody (fikzioa).
- Artificial (2015), David P. Sañudo (fikzioa).
- Lost Village (2015), George Todria (fikzioa).
- The Devil on Your Back (2015), Haritz Zubillaga (fikzioa).
- Luz a la deriva (2015), Iñigo Salaberria (dokumentala).
- I Said I Would Never Talk About Politics (2015), Aitor Oñederra (animazioa).
- Amore d’inverno (2015), Isabel Herguera (animazioa).
Nazioarteko epaimahai batek erabakiko ditu Sail Ofiziako sariak, eta honako kideek osatuko dute: José María Lara zine ekoizlea, Florence Miailhe animazio zinegile frantziarra, María José Santacreu Uruguaiko Zinematekaren zuzendari eta kultur kazetaria, Kepa Sojo zinegile eta gidoilari arabarra, eta Susana de Sousa Dias zinegile portugaldarra. Azaroaren 19an ezagutaraziko dute Sail Ofizialeko palmaresa, baita gainontzeko sailetakoa ere.
Beste urte batez, Golem–Azkuna Zentroa izango da ZINEBIren proiekzioen egoitza nagusia, eta saio berezi batzuk egongo dira Campos Antzokian, Guggenheim Museoaren Auditorioan eta Kale Nagusiko BBK Aretoan, besteak beste.
Info +: ZINEBIko egitaraua osorik