‘Olentzero eta Amilaren sekretua’ eta ‘Yoko eta lagunak’ euskal produkzioak Sevillako Zinema Europarraren Zinemaldian

Euskal zinemak bere tokia izango du azaroaren 6tik 14ra egingo duten Sevillako Zinema Europarraren Zinemaldian. Hain zuzen ere, animaziozko bi euskal film ikusi ahal izango dira, Baleuko ekoizpen etxearen Olentzero eta Amilaren sekretua (2015) eta Somugaren Yoko eta lagunak (2015).

Olentzero eta Amilaren sekretua Xegun Altolagirrek idatzitako eta Gorka Vázquezek zuzendutako  Olentzeroren bosgarren kapitulua da. Filmak Amila neskatoaren istorioa kontatuko digu, bederatzi urte baino ez dituela, ospitaleratu dute, osasun arazoak direla eta. Bertan izango ditu bere lagunak, Fede, May eta Xabier ‘Pelos’, baita Lorentzo mantentze-lanetarako teknikaria ere. Azken honek, sekretu bat kontatuko dio Amilari, eta abentura batean murgilaraziko du gaztetxoa.

Bestalde, Juanjo Elordi eta Rishat Gilmetdinoven Yoko eta Lagunak filmak Vik izeneko mutikoaren istorioa pantailaratuko du. Vik eta gurasoek hirugarrenez aldatu dute bizilekua, eta beste hiri batera joango dira bizitzera. Nekez bada ere, lagunak egitea lortuko du, Mai eta Oto. Haiekin batera, parkean bizi den izaki magikoa ezagutuko du, Yoko.

Ahotsak

Bi filmetako ahotsak REC ekoizpen etxean jarri dituzte. Olentzero eta Amilaren sekretua animazioaren kasuan gainera, Barbara Goenaga, Miren Ibarguren, Jon Plazaola, Gorka Otxoa eta Gorka Aginagalde euskal aktore ezagunek parte hartu dute, bost protagonistei ahotsak jarriz.

Info +: Sevillako Zinema Europarraren Zinemaldiaren liburuxka