Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Loreak filmaren ostean, bigarren euskal ekoizpen bat ere Hollywoodeko Akademiak banatzen dituen Oscar sari ezagunetan lehia daiteke 2016an, izan ere, Raúl de la Fuente nafarraren Minerita (2013) film laburra dokumental generoko film laburren kategoriako hamar finalisten artean dago.

2016ko otsailaren 28an banatuko dituzte 88. Oscar sariak Los Angeles (AEB) hiriko Doby aretoan. Horren aurretik, baina, urtarrilaren 14an, film labur dokumentalen kategorian lehiatuko diren nazioarteko bost lanen izenak jakinaraziko dituzte, eta hamar hautagaien artean dago Raúl de la Fuenteren Minerita. Kanaki Films ekoizpen etxeak produzitutako lanak Goya saria ere eskuratu du aurretik.

Boliviako Potosi inguruneko Cerro Rico meategian jarduten duten emakumezko meatzariak dira laneko protagonistak, eta euren egunerokoa erretratatzen du filmak. Errodajea oso gogorra izan zela azpimarratu izan du Amaia Ramirez ekoizleak, meatzariek ez zituztelako kamerak inguruan nahi, eta tokiko baldintzak ere oso gogorrak zirelako. Filma 2013ko Kimuak katalogoan izan zen.

Lan nafarrarekin batera izango dira Body Team 12 (RYOT Films eta Vulcan Productions), Chau, beyond the Lines (Cynasty Films), Claude Lanzmann: Spectres of the Shoah (Jet Black Iris Americ), 50 Feet from Syria (Spin Film), A Girl in the River: The Price of Forgiveness (SOC Films), Last Day of Freedom (Living Condition), My Enemy, My Brother (Fathom Film Group), Starting Point (Munk Studio eta Polish Filmmakers Association), eta The Testimony (Atria Film eta Escape Artists).