Maria Elorzak (Gasteiz, 1988) eta Maider Fernandezek (Donostia, 1988) Las Chicas de Pasaik bikoa osatzen dute. Ikus-entzunezko mundua dute aztergai, dokumentalen ikuspegitik nagusiki, eta Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa proiektuarekin ibilbide oparoa egin dute 2012an Benito Ansola beka eskuratu zutenetik. Bigarren atalean lanean ari dira orain, beste hainbat egitasmorekin jarraitu bitartean.
Donostia 2016k abian jarritako Kalebegiak film kolektiboaren zatitxo bat osatu dute udan, eta muntaia fasean sartu berri dira; Hormek diote ekimenean parte hartzeko gonbidapena ere jaso dute, eta gutxi barru hasiko dituzte grabaketak. Gazteak dira, baina pixkanaka, gelditu gabe eta pausu sendoen bidez, lan indartsuak egiten ari dira Elorza eta Fernandez.
Haiekin izan gara Tabakaleran, orain hilabete zabaldu zuten Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan.