Gaurtik hasi eta ostiralera bitarte, euskal profesionalek zuzendu edo ekoitzitako bost dokumental proiektatuko dituzte Gasteizko Euskal Zinema Dokumentalaren astean. Saio bakoitzaren hasieran, dokumentalaren aurkezpena egingo dute, eta, emanaldiaren ondoren, mahai-inguru bat, filma hizpide hartuta.
Euskal Zinearen Astearen barruan kokatu izan den generoak, aparteko tartea izango du hemendik aurrera Gasteizko Euskal Zinema Dokumentalaren astean. Vital Kutxa-ko Gizarte Ekintzak antolatutako zikloak dokumental generoa nabarmentzea du helburu.
Gaurko emanaldian Ander Iriarte zuzendariaren Echevarretik Etxeberriara/ De Echevarria a Etxeberria (2015) proiektatuko da. Oiartzunen bizi den edo bertan jaio den jendea abiapuntutzat hartuta, lanak Ezker Abertzalearen eta indarkeriaren arteko harremanean sakondu du.
Urriaren 27an Señales de vida: Nestor Basterretxea / Bizi-seinaleak: Nestor Basterretxea (2013) dokumentala ikusi ahal izango da. Alexander García de Vicuña eta Gentzane Martínez de Osabaren zuzendaritzapean, dokumentalak Bermeoko artistaren bizitza eta lana ditu ardatz.
Urriaren 28an Oskar Tejedorren Notas en movimiento / Notak mugimenduan (2013) emango da. Dokumentala, Malandain Ballet Biarritzen koreografia berriaren prestakuntza lanetan murgilduko da, konpainiaren alderik gizatiar eta ezkutuena ezagutzera emanez.
Ostegunean, urriak 29, Ateak Zabalduz/ Abriendo puertas (2014) Juanmi Gutiérrezen lana ikusi ahal izango da, eta Okupa mugimenduarekin harremandutako estereotipoak aztertuko ditu.
Zikloari amaiera emateko, ostiralean, Diana Nava zuzendariaren Coria y el mar (2014) proiektatuko dute, emakume sahararren borrokaren inguruko ikus-entzunezkoa.
Proiekzio guztiak 20:00etan hasiko dira Vital Kutxa Fundazioaren Aretoan (Dendaraba merkataritza-gunea; Bakea, 5 – 1. solairua). Sarrera doakoa izango da aretoa bete arte.
Data: 2015eko urriaren 26tik 30era.
Lekua: Vital Kutxa Fundazioaren Aretoa (Dendaraba merkataritza-guna; Bakea, 5 – 1. solairua).
Ordua: 20:00.
Sarrera doakoa aretoa bete arte.