Bizikidetza eta topagunerako plaza irekia da Zinexit, ikus-entzunezko ekoizpenen bidez, norbanakoen ametsak, iritziak eta galderak plazaratzeko eta partekatzeko aukera ematen duen jaialdia. Seigarren edizioa egingo dute egunotan Bilboko Alhondigan, eta bost film eskainiko dituzte orotara.
Dokumentalen eta fikzioaren arteko harreman orekatua mantendu nahian, atzerriko zein bertako errealitateak islatzen dituzten bost film programatu dituzten Bilboko Zinexit jaialdian.
Emanaldiak gaur bertan, urriak 26, abiatuko dituzte Imanol Uriberen Lejos del mar film berriarekin. Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean, emanaldi berezi gisa, proiektatu zuten aurrenekoz ETAko kide ohi baten eta biktima baten arteko harremanari buruzko drama. Emanaldian izango dira Uribe bera eta Antonio Pérez ekoizlea.
Bihar, ostera, Hegoafrika eta Israelen artean ekoitzitako One Day After Peace (2012) izango da ikusgai iluntzeko saioan. Filmak, hain zuzen, Hegoafrikako gatazka politikoa gainditzeko baliabideak Palestina eta Israelen arteko auzia konpontzeko baliagarriak ote diren aztertuko du. Erez eta Mimi Laufer dira filmeko zuzendariak, eta Euskadiko Nazioarteko Amnistiaren bozeramale Jesús Álvarezek gidatuko du emanaldiaren osteko solasaldia.
Goizean, gainera, haurrei zuzendutako saioa egingo dute, eta Thomas Szabo eta Hélène Girauden animaziozko Minúsculos (2013) filma proiektatuko dute 10:00etan Alhondegian.
Asteazkenean Mathieu Denis kanadarraren Corbo (2014) izango da ikusgai, eta Paul Ríos Bakearen eta Giza Eskubideen aldeko ekintzailea izango da solasaldian. Filmak 60ko hamarkadako Kanadara eramango gaitu, eta Quebec-eko eraldaketa garaia pantailaratuko du.
Eta zikloa isteko, ostegunean, Karmelo Vivancok gidatutako El valor de la autocrítica dokumental euskalduna proiektatuko dute. Carmen Gisasola euskal preso ohiaren kontaketatik abiatutako dokumentalak Italia eta Ipar Irlandako prozesuetako lekukotzak ere bilduko ditu. Luis Aizpeolea kazetaria izango da Alhondegiko mintzaldian.
Arratsaldeetako emanaldiak 19:30ean egingo dituzte.