Theo Angelopoulos greziar zinegile, gidoigile eta ekoizlea, XX. mendeko Europako zinegile handienetakoa, 2012an zendu zen ustekabean, eta ezin izan zuen beren azken lana amaitu. Bada, Bilboko Alhondigako Azkuna Zentroak hiru hileko zikloa eskainiko dio bihartik hasita.

Angelopoulosen dozenatik gora film eskainiko ditu bihar, urriak 21, hasi eta urtarrilaren 20ra bitarte luzatuko den Azkuna Zentroko zikloak.

Zinegileak Parisko IDHECen ikasten zuen bitartean, lan asko egin zituen eta zinemarekin jarri zen harremanetan. Hala, 1964an bere herrialdera itzuli eta zinema-kritikari gisa hasi zen lanean Dimokratiki Allaghi egunkari ezkertiarrean. 1968an 23 mintuko Ekpombi film laburra osatu zuen, bere lehena, Greziatik kanpo sekula ikusi ez bazen ere.

Ondorengo urteetan Greziako historia garaikidearen hausnarketa kritikoa egin zuen, hain zuzen, gaur bertan ikusgai izango den Days of’36 filmarekin hasitako trilogiaren bidez; segidan etorri ziren O Thiassos (1975), errekonozimendu handiena jaso duen lana, eta Oi Kynighoi (1977).

1980an Veneziako Jaialdiko Urrezko Lehoia jaso zuen O Megalexandros lanagatik, eta 1998ean Canneseko Zinemaldiko Urrezko Palmorria Mia aioniotita kai mia mera dramagatik (goian trailerra ikusgai).

Bada, film horiek guztiak eta gehiago eskainiko dituzte urri, azaro, abendu eta urtarrileko asteazkenetan (gehienetan, behintzat) Bilboko Alhondigan. Lehen saioan, esaterako, 1970eko Reconstruction eta 1968ko Broadcast eskainiko dituzte 17:30ean, eta 20:00etan 1972ko Days of ’36. Egutegi zehatza kontsultatzeko, sartu hemen.