Kultura Communication Desarrollo garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak antolatzen duen Zinema Ikusezinaren Bilboko Zinemaldiaren VII. edizioa gaurtik hilaren 22ra luzatuko da, eta Golem Alhondiga izango da jaialdiaren erdigune. 43 herrialdetako 79 film proiektatuko dituzte, %49 emakumeek zuzendutakoak.
Guatemalako indarkeria matxista, Mauritaniako herrixka bateko eguneroko bizimodua, transexualitatea Kuban, eta askotan ezkutuan geratzen diren beste hamaika gai izango dituzte aztergai egunotan Bilbon proiektatuko dituzten filmek.
Gaur bertan, urriak 15, esaterako, Juan Antonio Moreno Amador eta Silvia Venegas Venegasek zuzendutako Boxing for Freedom dokumentalak zabalduko du Film Sozialak Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdia 19:30ean Azkuna Zentroan; lanak Sadaf Rahimi afganistandar boxeolari gaztearen istorioa kontatuko du.
Carlos Vazquez zinema jaialdiaren zuzendariak aditzera eman duenez, gainera, ikusgai izango diren filmen %49 emakumeek zuzendu dituzte, eta aniztasuna eta gizartearen erantzukizuna sustatzeko balioko du beste behin ere jaialdiak.
Emanaldi gehienak Bilboko Golem Alhondiga aretoan egingo dituzte, baina Barakaldo, Erandio, Portugalete, Mungia, Iurreta, Getxo, Leioa eta Elorriora ere zabaldu da ekimen; hilaren 16, 17 eta 18an, esaterako, Mungiako Olalde aretoan egingo dituzte saioak.