‘Sagardoa Bidegile’

sagardoa-bidegile-zinemaldia1Zuzendaria: Bego Zubia

Urtea: 2015

Herrialdea: Euskal Herria

Izenburutik ondoriozta daitekeenez, sagardoa dugu protagonista Bego Zubiaren lehen film luzean. Hainbat sagardogile, antropologo eta historiagileren laguntzaz, sagardoaren historia eta ekoizpen prozesua azalduko digu, baita sagardoak euskal kulturan duen garrantzia ere.

Aurtengo Donostia Zinemaldiko Culinary Cinema sailean estreinatu zuten dokumentala. Arreta ematen didan saila da, baina gainerako sailetako eskaintza zabala tarteko, ez dut eskula tarterik topatu Culinary Cinemako film bat ikusteko. Honenbestez, esan dezaket Sagardoa bidegile izan dela nire lehen Culinary filma.

Lan txukuna da. Sagardoari buruzko hainbat alderdi azalduko dizkigu txalaparta doinuen laguntzaz. Argazki zuzendariak (une batzuetan zakar samarra bada ere), irudi ikusgarriak bildu ditu, eta garai batean sagardoa nola egin eta garraiatzen zuten ikustea ere zinez interesgarria da. Hala ere, atzerritarrentzat interes handiagoa duen filma dela esango nuke, izan ere, bitxikeria pare bat kenduta, euskaldun gehienok jada ezagutzen dugun informazioa azalduko digu lanak.

Interesgarria, beraz, Bego Zubiaren lehen luzea. Sagardoaren kultur ondarea balioan jartzeko balio du, eta bakarrik baino, lagun atzerritarrekin ikusteko dokumental aproposa da.