Gaur, urriak 15, abiatuko dute Hendaia Film Festival jaialdiaren 3. edizioa, eta orotara 24 film labur lehiatuko dira nazioarteko eta Aquitania-Euskadi kategorietan. Gainera, hiru lan luzeago proiektatuko dituzte lehiaketatik kanpo: Geneviève Clay-Smith eta Robin Bryanen Le recruteur (2012), Pablo Maloren Lasa eta Zabala (2014), eta Stephan Castangen Fin de champagne (2014).
Simon Brook zuzendari eta idazleak, José Luis Peñafuerte zuzendari eta gidoigileak, Tania Rakhmanova errealizatzaileak eta Fatima Soualhia-Manet artistak osatuko dute aurtengo Hendaia Film Festival jaialdiko nazioarteko film laburren lehiaketako epaimahaia, eta gaur eta bihar 21:00etan Les Variétés zinemetan eskainiko dituzten hamahiru lanen artean onena zein den ebatzi beharko dute. Kategoria horretan lehiatuko dira, besteak beste, Kepa Errastiren Aitona Mantangorria, Patxi Basaberen Lasterketa, eta Mikel Román Madariaga eta Aritz Elguezabalen Una mañana Mejor.
Ostiral eta larunbatean, aldiz, Aquitania-Euskadi saileko lanak izango dira ikusgai, 11 orotara; hala nola, Kristina Zoritaren Samina, Aitor Arregiren Zarautzen erosi zuen, Aitor Gutiérrezen Anómalo eta Kote Camachoren Don Miguel. Haien artean onena aukeratzeaz arduratuko dira, halaber, Julia Juániz editorea, Javier Navarro-Montero ekoizlea, Éléonore Guillon errealizatzailea eta Arnaud Lalanne zuzendaria.
Lehiaketatik kanpo, bestetik, hiru film eskainiko dituzte: Geneviève Clay-Smith eta Robin Bryanen Le recruteur gaur 20:30ean, Pablo Maloren Lasa eta Zabala larunbatean 15:30ean, eta Stephan Castangen Fin de champagne larunbatean baita ere, baina 21:00etan. Emanaldi guztiak Les Variétés zinemetan egingo dituzte. Informazio osagarria, hemen.