Emakumeek zuzendutako filmak sustatu eta zabaltzeko helburuarekin abiatu zuen Simone de Beauvoir Talde Feministak orain 20 urte Zinemakumeak zikloa, eta egunotan kaleratutako hainbat ikerketak aditzera eman dutenez, oraindik ere lanean jarraitzea ezinbestekoa da alor honetan (ere) berdintasunera heldu nahi badugu. Gaur bertan, Bilboko BBK Aretoan, Lina Wertmüllerren Pasqualino Sete Bellezes (1975) filmarekin zabalduko dute zikloa.
Gaur hasi eta ostiralera bitarte hainbat film labur eta luze, andrazkoek zuzendutakoak denak, eskainiko dituzte Bilboko BBK Aretoan. Ana Gutiérrez Zinemakumeak zikloaren sortzaileetako batek aditzera eman duenez, “nahiago genuke halako zikloak egiteko beharrik izango ez bagenu, baina ezinbestekoa da oraindik”. Horregatik, ikus-entzunezko emanaldiez gain, hainbat mahai-inguru ere egingo dituzte.
Gaur, urriak 13, Oscar sarietarako proposatu zuten lehen emakumearen Pasqualino Sete Bellezes filma eskainiko dute. Lina Wertmüller italiarrak osatu zuen 1975ean. Eta asteazkenean Begoña Vicario EHUko irakasle eta animaziogile euskaldunaren hainbat film labur izango dira ikusgai, baita Marjane Satrapi zinegile iraniarraren The Voices (2014) komedia ere.
Ostegunean, urriak 15, Josu Egurenek moderatutako mahai-ingurua egingo dute emakumeei barrea eragiten dieten gauzen inguruan; Elizabeth Casillas eta Mamen Moreuk hartuko dute parte, eta segidan Maggie Careyren The To Do List (2013) filmaren txanda izango da.
Ostiralean Simone de Beauvoir saria berreskuratuko dute, eta Ángeles González Sinde gidoigile eta zuzendariari emango diote 19:30etik aurrera. Haren lan berria ere aurkeztuko dute, Una palabra tuya. Generoari eta gidoiari buruzko mahai-inguruan parte hartuko du, halaber, Aizpea Goenaga eta Izaskun Arandiarekin.
Eta zikloa isteko, azkenik, emanaldi bikoitza programatu dute larunbaterako: 18:00etan Amy Heckerling estatubatuarraren Vamps (2012), eta 20:00etan Justine Triet frantziarraren La bataille de Solferino (2013).