Iragan irail amaieran eta urri hasieran Kepa Sojo zinegile laudiotarrak eta haren lantaldeak Hileta film laburra errodatu zuen Baranbioko (Araba) Garrastatxu ermitan. Euskaraz eta komedia ez den genero hibrido batean osatzen duen lehen lana da.
Kandido Uranga, Itziar Atienza, Mikel Losada, Martxelo Rubio, Jose Ramon Soroiz, Josean Bengoetxea, Asier Hormaza, Jose Kruz Gurrutxaga eta Susana Soleto aktoreak 20ko hamarkadara egin dute jauzi Kepa Sojoren eskutik, eta euskal beserri bateko gaubeila irudikatu dute, Carl Theodor Dreyer zinegile daniarraren Ordet (1955) filmean oinarrituta. Izan ere, labur honen bidez omenaldia egin nahi izan dio Sojok bere erreferentziazko zinegileetako bati.
Euskaraz eta komedia ez den genero batean errodatzen duen lehen filma da laudiotarrarena; “fikziozko eta beldurrezko laburra da, nahiz eta une batzuetan irribarrea ere eragiten duen. Amaieran, halaber, sorpresa bat izango du”, azaldu du, “baina ezin dut beste ezer aurreratu”.
XVII. mendeko ermita eta apaizaren etxea baliatu dituzte lana lokalizatzeko, eta eguraldia lagun, hiru eguneko errodajea nahikoa izan dute eszena guztiak grabatzeko.
Sojoren azken lanak, Loco con ballesta laburrak, dozenaka sari eskuratu ditu bertako nahiz atzerriko film laburren jaialdietan, eta aurtengo Goya sarietan komediazko film labur onenaren garaikurra eskuratzeko hautagaia izan zen. Horren aurretik, Looking for Chencho (2002), Caundo puedas (2004) eta El síndrome de Svensson (2006), besteak beste, osatu zituen.
Udaberrirako
Laburra udaberrirako prest izango dela iragarri du, baina bitartean, Ronda de poniente izeneko labur dokumentalean lanean jarraituko du.