Pan

Joe Wrightek gidatutako Peter Pan gaztearen abenturen jatorriari buruzko superprodukzioa euskaraz estreinatuko da gurean Zineuskadiri esker. Levi Miller, Garrett Hedlund, Hugh Jackman, Rooney Mara, Amanda Seiyfried eta dozena bat izarrek hartu dute parte haur zein helduak gozaraziko dituen filmean.

El Club

Berlinen epaimahaiaren saria lortu zuen Pablo Larraín txiletarraren El Club dramak. Zaintzaile baten begiradapean, Txileko kostaldeko herri txiki batera eraman dituzte sexu-erasoak egindako lau apaiz, beren bekatuetatik libratzeko. Nahigabetuta dagoen bosgarren apaiz baten etorrerak, baina, etxeko lasaitasuna hankaz gora jarriko du. Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean lehiatu da lana, gainera.

Taxi

Eta Berlinen, baita ere, Urrezko Hartza lortu zuen Taxi film iraniarra ere bihar estreinatuko dute gurean. Jafar Panahi zinegilea taxi gidari gisa ibiliko da Teherango kaleetan barrena, eta bidaiariei elkarrizketak egingo dizkie. Hizketaldi horien bidez Irango gizartea erretratatuko du sorterrian zinema egitea debekatu zioten zinegileak. Berlinera haren iloba joan zen saria jasotzera.

Me & Earl & the Dying Girl

Urte hasieran, nerabezaroari buruzko komedia gogorra Sundanceko jaialdian estreinatu zuen Alfonso Gomez-Rejón zinegileak, eta orain gutxi Donostia Zinemaldiko Perlak sailean eskaini zuten. Batean zein besteak oso kritika onak izan zituen (Sundancen film onenaren eta ikusleen sariak jaso zituen, hain zuzen). Greg institutuko azken urteko nerabe isila da; bere lagun Earlekin film txikiak egiten ditu. Amaren aginduz, leuzemia gaitza duen neska bat bisitatzen hasiko da, hura lagundu nahian.

Chce sie zyc

Maciej Pieprzyca zinegile poloniarrak 2013an aurkeztu zuen Chce sie zyc 30 urteko Mateuszi buruzko lana. Garun paralisia duen gaztearen bizitza kontatuko du film hunkigarria bihar estreinatuko da hainbat zinema aretotan.

No Escape

Pierce Brosnan, Owen Wilson, Lake Bell, Sterling Jerins eta beste hainbat aktoreren parte-hartzea izan du John Erick Dowdle zinegileak No Escape film berrian. Estatu kolpe bat tarteko, Asia hego-ekialdeko herrialde batean harrapatuta geratuko da familia bat, eta bertatik irteteko izango dituzten zailtasunak pantailaratuko ditu thrillerrak.

Boychoir

AEBen ekialdeko musika eskola entzutetsu batean, 11 urteko mutiko bihurri batek eta haren irakasleak elkarrekin lan egin beharko dute gazte errebeldea lasaitu eta eskolaren izen ona mantentzeko. François Girardek zuzendu du Garrett Wareing eta Dustin Hoffman buru dituen filma.

La playa de los ahogados

Gerardo Herrero zinegileak, aldiz, intrigaz betetako thrillerra aurkeztuko du, La playa de los ahogados. Goiz batean marinel baten gorpua Galiziako itsasertzera helduko da. Eskuak lotuta ditu, baina ez dago bere heriotzaren inguruko beste pistarik. Leo Caldas ikerlaria itsas-giroko herri baten egunerokoan murgilduko da, gertatutakoa argitu nahian.

https://youtu.be/nYYp6clQQfA

Segundo origen

14 urteko Alba eta 9 urteko Didac gazteak baino ez diote estralurtarren erasoari aurre egin, eta ondorioz, munduan bakarrik geratu dira. Egoera berrira egokitu beharko dute orduan, eta giza-kultura iraunarazten ahaleginduko dira. Carles Portak gidatu du Manuel de Pedroloren Mecanoscrito del Segundo Origen eleberrian oinarritutako zientzia fikziozko lana.

https://youtu.be/1UKknWJzBEE