Palestinan_Giza_Eskubideen_Zikloa_Zinea.eus

Mundu Bat eta Pausumedia elkarteek Palestinari buruzko sei dokumentalez osatutako zikloa ondu dute gaur hasi eta ostegunera bitarte. Donostiako Abuztuak 31 kaleko Doctor Camino Aretoan izango dira emanaldiak, eta Palestinako Giza Eskubideen urraketa izango dute aztergai.

Gaurtik igandera bitarte, Palestinako errealitateak, borrokak eta laguntzarako erakundeek topatzen dituzten zailtasunak aztertuko dituzte Donostian egingo duten Palestinako Giza Eskubideen Inguruko I. Ziklo Dokumentalean. Gainera, okupazioari buruzko ikuspegi ezberdinak landuko dituzte, eta zuzenbide humanitarioaren bi urraketa kasu aztertu.

Gaur bertan, 19:00etan, IPPAIk zuzendu eta ekoitzitako Palestine (Off The Record) lana proiektatuko dute, eta Eneko Gerrikabeitak egingo du aurkezpena.

Bihar, aldiz, Unai Aranzadiren Y sin embargo, Al Quds eta Nacho García, Inés Grocin, Anxela Iglesias eta Carlos Sordoren Puertas del Mar laburrak eskainiko dituzte leku eta ordu berean, eta Aranzadi bera aurkezpenean izango da.

Asteazkenean, urriak 7, aldiz, Malu Egiluz Apoita EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkarteko eta Palestinako Nekazal Eskubideen Behaketarako Delegazioko kideak aurkeztuko du 3 mujeres palestinas (Alternative Information Center AIC) dokumentala.

Eta ostegunean, azkenik, David Segarraren Fuego sobre el Marmara eta Ander Iriarteren Sumud lanak eskainiko dituzte 19:00etatik aurrera. Iriarte dokumentalista eta Antzine Biain Palestinarekiko elkartasuna elkarteko kide eta dokumentalista ere saioan izango dira. Lehenak aurtengo Giza Eskubideen Zinemaldian aurkeztu zuen Sumud laburra.

Egitarau osoa, hemen.