Regression
Irailaren 18an Donostia Zinemaldia zabaldu zuen Alejandro Amanabarren berrienak. 1990eko Minnesotara (AEB) eramango gaitu filmak; Angela (Emma Watson) gazteak aitortu ezinezko krimen bat burutu izana egotziko dio aitari (David Dencik), eta Bruce Kenner (Ethan Hawke) detektibea kasua argitzen ahaleginduko da. Ez ditu kritika onak jaso.
Marko Makako eta Karibeko primateak
Zineuskadiren eskutik, Marko Makako eta Karibeko primateak animaziozko film danimarkarra euskaraz izango da ikusgai bihartik aurrea Euskal Herriko hainbat zinema aretotan. Jak Rahbekek gidatu du Marko izeneko makako dibertigarriari buruzko filma. Etxeko txikienekin ikusteko lan aproposa.
Gukjesijang
Youn Jk-k zuzendutako Koreako Gerrari buruzko drama da Gukjesijang. 1950eko abenduan, gerra tarteko, aitarengandik bananadu beharko du mutiko batek, baina hari egindako promesa gogoan izango du urteek aurrera egin ahala, eta familia zaintzea izango da bere egiteko nagusia.
Jack
Alemaniatik, ostera, Edward Bergerren Jack drama gogorra helduko zaigu. Berlingo zinema jaialdian aurkeztatako lanak zailtasun ekonomikoak tarteko, gazteentzako zentro batean utziko duten Jack mutikoaren esperientzia pantailaratuko du. Familia berreskuratzeko, ahal duen guztia eta gehiago egingo du gaztetxoak.
El apóstata
Álvaro Ogallaren historia pertsonalean oinarritutako sinesmenari, kulpari eta desirari buruzko film txiletarra da Federico Veirojen El apóstata. Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu berri da, eta 30 urtetik gora dituen Tamayo gaztearen bizipenak islatuko ditu, orain arte preso izan duen guzti horrengandik emantzipatzeko ahaleginean.
Loin des hommes
David Oelhoffen dramak, ostera, 50eko hamarkadako Argeliako Gerrara eramango gaitu. Daru izeneko frantseseko irakasleak Mohamed nekazari gaztea salbatu nahiko du. Viggo Mortensen eta Reda Kateb aktoreen lana Berlingo zinemaldian eta Torontokoan eskaini dute jada, eta kritika onak jaso ditu.
La Rançon de la gloire
Iazko Veneziako zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu zuten Xavier Beauvoisen komedia dramatiko frantsesa. Genovako lakuan 1977an jazotako gertaera errealetan oinarrituta dago, eta Charlie Chaplinen gorpua hilkutxatik ateratzen ahaleginduko den alproja parearen abenturak izango ditu aztergai.
Hitman: Agent 47
Izen bereko bideojokoaren egokitzapena. Aleksander Bach izan da proiektu-buru, eta besteak beste, Rupert Friend, Zachary Quinto, Hannah Ware eta Ciarán Hinds aktoreek hartu dute parte akziozko lanean. Ezkutuko antolakunde bat desegin beharko duen Agent 47 hitzaileak eraldaketa genetikoak jasan ditu, eta horri eskar, misioa oso erraz gauzatuko du. Kritika ez du begi onez ikusi filma.