alf2015_2

Tabakalerak, Donostia 2016k eta Cristina Enea Fundazioak elkarlanean antolatzen duten Arkitektura: Film Mintzairak ekimenaren seigarren edizioa Heldulekurik gabe pentsatzea lelopean osatuko dute urriko asteazken eta ostegunetan.

Hannah Arendt XX. mendeko filosofo alemaniarraren Heldulekurik gabe pentsatzea aipua baliatu dute aurtengoan arkitektura eta zinema uztartzen dituen zikloaren egitaraua osatzeko. Izan ere, gidatuko gaituzten esgitura sendorik gabe aurrera egiten jarraitzea da egungo erronka nagusia, “gizakiari hausnartzeko balio izan dioten nozio eta arauak deskalabruan dauden garai honetan”.

Orotara lau hizlarik hartuko dute parte zikloan: Antoni Muntadas, David Caralt, Dean MacCallen eta Mar Villaespesa. Data zehatzak ez dituzte oraindik kaleratu, baina asteazken edo ostegunetan, adituen hitzaldiarekin batera, film bat proiektatuko dute Tabakaleran; eta hurrengo egunean topaketa edo tailerra egingo dute Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean.

Proposatutako datak ondorengoak dira: urriak 7-8 Antoni Muntadas, urriak 14-15 David Caralt, urriak 21-22 Dean MacCallen, eta urriak 28-29 Mar Villaespesa. Informazio osagarria, hemen.