The_New_Kid-601636480-largeZuzendaria: Rudi Rosenberg

Urtea: 2015

Herrialdea: Frantzia

Benoît (Rephael Ghrenassia) 12 urte inguruko mutikoa Parisera joango da bizitzera gurasoen lana tarteko. Bertako institutu berrira egokitu beharko du, mutil lotsatia den aldetik, lagunak egitea zaila egingo baitzaio. Pixkanaka, lekua topatu ez duten beste hainbat ikaskiderekin batera, lagun talde berezia osatuko du: Constantin (Gillaume Cloud Roussel) ikastun pedante samarra, Aglaée (Géraldine Martineau) elbarritasuna duen ikasle berria, eta Joshua (Joshua Raccah), besterik gabe, mutiko berezia.

63. Donostia Zinemaldian Zuzendari Berrien saileko sari nagusia jaso du Le noveau lanak. Rudi Rosenberg-en lehen film luzea da, aktore bezala aritu baitzen zuzendari lanetan hasi baina lehenago (Le noveau filmaz gain bi labur ere zuzendu ditu). Benetan poztu ninduen sariak, kamera atzean urte asko daramatzan zinegile batek egindako lana baitirudi, begirada berri baten freskotasuna galdu gabe. Barreari eutsi ezinik mantenduko gaituen gidoi bikaina eta aktoreen zuzendaritza lan aparta. Gai arina dirudien arren, gogoeta egitera gonbidatuko gaituen filma da.

Bereziki erakartzen nauen gaia landu du Rosenberg-ek: haurtzarotik nerabezarorako trantsizioa. Aldaketa garaia da. Norbanakoon nortasuna finkatu egiten da, eta haurrak izateari utzi eta heldu bihurtu nahi dugu. Presio izugarria jasaten dugula esango nuke, nork bere lekua topatu nahi horrek, zenbaitetan, nortasunaren galera dakarrelako. Rosenberg-ek, baina, umorez landu du gaia, benetan bikainak diren pertsonaien berezitasunak goraipatuz. Hala, arraro, berezi, arrunta ez izatea garrantzitsua dela erakutsiko digu, zaren hori lotsarik gabe onartuz.

Aldaketa garai konplikatu horren erretratuan identifikatuta sentituko gara. Maitemindu egingo gaituzten pertsonaien berezitasunak ikusiko ditugu, eta zergatik ez, haiengandik ikasiko dugu; gure burua onartu behar baitugu, 12 urteko mutiko berezi eta arduragabeak bere burua onartzen duen eran, baldintzarik gabe.

https://youtu.be/bm5ElBFlKQI