Manifestua_Zinemaldia_Zinea.eus

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak deituta, hamabost herrialde eta eskualdetako ordezkari politikok bilera pribatua egin zuten astelehenean Donostia Zinemaldiaren testuinguruan, hizkuntza ez hegemonikoetan egindako zinema sustatzeko jarraibideak finkatu asmoz. Hala, Glocal cinema: big stories, small countries izeneko manifestua osatu eta aurkeztu zuten atzo.

Europako Batasunak 500 milioi biztanle ditu, 28 estatu, hiru alfabeto eta 24 hizkuntza ofizial. Bost dira hegemonikoak, gaztelania, ingelesa, frantsesa, alemana eta italiera, eta gainerako hizkuntzetan osatutako ikus-entzunezko lanek zailtasun handiagoak dituzte ikuslego zabalera iritsi eta merkatuan zabaltzeko.

Aldiz, tokian tokiko zinegileek hizkuntza ertain edo txikietan lan egiten jarraitzen dute, filmak euren ama hizkuntzetan osatzen eta ahal beste lagunengana helarazten. Eta Eusko Jaurlaritzaren ekimenez bildutako lantaldeak haien lana babesteko konpromisoa hartu zuen astelehenean.

Hala, Norvegia, Estonia, Letonia, Finlandia, Danimarka, Polonia, Suitza, Gales, Eslovenia, Irlanda, Islandia, Friuli Venezia Giulia eta Euskal Herriko ordezkari politikoek bilera egin zuten Kursaalen, eta Glocal cinema: big stories, small countries izeneko manifestua adostu zuten.

Orotara lau proposamen zehaztu dituzte, datozen hilabeteetan martxan jarriko dituztenak:

1. Jarraikortasuna izango duen lantaldea sortzea: Bilerako parte hartzaileak tokian tokiko sortzaileekin bilduko dira datozen hileetan, eta horrez gain, Berlinen bigarren bilera bat egingo dute.

2. Kooperazioa eta topaketak sustatzea: Jaialdi edo bestelako ekitaldietan networking saioak antolatuko dituzte.

3. Europako hizkuntza aniztasunaren inguruko ezagutza handitzea: Ekimenak martxan jarriko dituzte ikus-entzule berriengana heltzeko.

4. Ikusgarritasuna areagotzea: Identitate bisuala sortzeko ahalegina egingo dute.