Atzokoan, irailak 19, Euskadiko Filmategiaren Kimuak 2015 katalogoko zazpi lanak proiektatu zituzten Donostiako Principe aretoan, ekoizpen etxeei zuzendutako 63. Donostia Zinemaldiko pase berezian. Gehiegi sakondu gabe (nazioarteko jaialdietan beren ibilbidea egiten ari baitira uneotan), hona haien inguruko lehen iritziak:

I Said I Would Never Talk About Politics

Aitor Oñederra ilustratzaile debatarrak egungo sistema politikoari kritika zorrotza egin nahi izan dio, Mariano Rajoy, Angela Merkel, François Hollande, Cristina Kirchner, Barack Obama eta beste hainbat herrialdetako presidenteak jatetxe berean elkartuta. Ilustrazio bikainak, musika indartsua eta planteamendu interesgarria. Amets paranoiko batean galduko da guztia.

5 segundos

3 minutu eta erdi eskas irauten dituen lana. David González bilbotarrak duela egun gutxi eztabaidatu duen bikote bat (emakumea, bereziki) jarri du kameraren aurrean, eta gertatutakoa konpontzeko gizonak eman nahiko dion sorpresaren harira izango duten elkarrizketa jaso du. Zorrotza, zuzena eta ikuslea identikatuta sentiaraziko duena.

A Revenge Story

Lander Camarerok A Political Story laburrarekin zabaldu zuen trilogiaren hirugarren eta azken atala da, A Serious Comedy lanaren ondorengoa. Mark Figueroa izeneko ekintzaile batek traizio egin dion emakumearen aurkako mendekua hartzeko, New Yorkeko emakume guztiak berarekin oheratzera gonbidatuko ditu publikoki. Flashbacken bidez azaldutako istorioa, pixka bat nahasgarria, haria jarraitzea kosta egiten baita. Amaierak borobilduko du trama.

Duellum

Tucker Dávila bilbotarrak armadura jantzita basoan barrena korrika ari den gizon bat erakutsiko digu. Pixkanaka, haren errealitatea ikusten joango gara. Istorio txikia, dibertigarria, atsegina.

Foxes

Malcolm eta Aaron aita-semeen harremana tirabiratsua da, 10 urteko mutikoak ez duelako aitarekin egon nahi. Hark, ordea, etxe baten salmenta garrantzitsua du buruan, eta semea berarekin eramango du. Azeri bat jarraika izango dute, baina. Lan aberatsa alderdi teknikoei dagokienez, gidoi landua. Amaiera fintzea falta izan zaio agian.

Lost Village

George Todria georgiarrak utzitako herri batean bizi diren senar-emazteen bizimodu eta erabaki gogorra pantailaratu du. Pixkanaka, inguruko etxeak argitan ikusten hasiko dira gauez, eta haiek ere erantzun egingo dute. Julio Cortazarren ipuinean oinarritua. Zapore berezia uzten duen lana, hitzik gabekoa. Irudi ahaltsuak.

19325623131_96744fa5b3_z

Luz a la deriva

Iñigo Salaberriak, azkenik, Islandiako gauen argiak baliatu ditu proposamen estetiko abstraktu bat osatzeko. Trama bat valta izan zaigu, agian, proiektuaren nondik norakoak kokatzeko, baina hain zuzen, hori da laburra bereizgarritzen duena.

0