CO71nsiWIAA1LpVZuzendaria: Ben Sharrock

Urtea: 2015

Herrialdea: Euskal Herria

Anek (Barbara Goenaga) eta Gorkak (Joseba Usabiaga) gau batean ezagutu den bikote gaztea osatzen dute. 30 urte inguru dituzten arren, gurasoen etxean bizi dira, eta intimitate pixka bat lortzearren filmari izena ematen dion pikadero baten bila ari dira.

Aki Kaurismaki edo Jacques Tatti bezalako zuzendarien eragina aitortu du Sharrockek. Ez da zaila antzekotasunak aurkitzea. Plano finkoak, tempo lasaia eta umore “hotza” dira Pikadero filmaren ezaugarrietako batzuk. Elkarrizketa askorik gabea, baina komedia puntu bikainekin. Argazkiari dagokionez, plano simetrikoak gailentzen dira, eszenatokiak berak ematen dituen marra zuzenez osatuak.

Oso estilo markatua du, gustatu egin behar zaizun estiloa. Zuzendari ausarta iruditu zait Sharrock, izan ere, haren ideiak (ikuslegoari gehiago edo gutxiago gustatu arren) amaieraraino defendatu ditu, eta ez da lan erraza, bereziki bere lehen film luzea dela kontuan hartzen badugu. Hala ere, zerbait falta izan zaio; ez dakit gatazka den, edo tramak berak ez duen gehiagorako ematen, baina zenbaitetan istorioa gehiegi luzatu dela sentitu dut.

Lehen lan txukuna egin du, beraz, Sharrockek. Estilo ausartarekin erretratau du egungo gazteen ohiko arazo bat, eta Usabiaga eta Goenaga neurrira egindako pertsonaiak diruditen Gorka eta Aneren azaletan sartu ditu. Filmari falta izan zaion azken bultzada hori, gainera, umore une bikainekin orekatu du.