Asier Altunak 25 urte baino gehiago daramatza zinemaren alorrean lanean; tekniko gisa hasi zen, eta azken urteetan zuzendari lanetan aritu da Txintxua Films ekoizpen etxetik. Telmo Esnal lagun, euskal zinemaren historiako film ikusiena den Aupa Etxebeste! zuzendu zuen 2005ean, eta beste dozena bat labur gidatu ditu geroztik. Amama da, baina, bakarka zuzendu duen lehen film luzea, eta gaur bertan abiatuko den 63. Donostia Zinemaldian estreinatuko da, Sail Ofizialean. Hona elkarrizketaren lehen zatia.
1997an zuzendu zuen bere lehen film laburra, Txotx!. 40 ezetz (1999), Topeka (2002) eta Sarean (2005) etorri ziren segidan, eta urte hartan bertan, Aupa Etxebeste! estreinatu zuen, Telmo Esnal lagun eta lankidearekin batera osatutako film luzea. Altuna eta Esnal Goya Sarietarako proposatu zituzten orduko hartan, zuzendari berri onenaren kategorian, baina saria Pablo Malo donostiarrak eskuratu zuen, Frío sol de invierno filmagatik.
2008an Txintxua Films ekoizpen etxea martxan jarri zuen Marian Fernandez ekoizlearekin, eta ETB1eko Brinkola (2008-2009) telesaila, Artalde (2010) film laburra, Bertsolari (2011) dokumentala eta Esnalekin batera idatzitako Urte Berri On, Amona! (2011) luzea osatu zituen ondorengo urteetan. 2013an estreinatu zuen Zela Trovke dokumental laburrarekin, baina, nazioarteko hamaika jaialditan hartu zuen parte, eta beste horrenbeste sari eskuratu zituen. Aurretik ekoitzitako laburrak bezalaxe, Kimuak Katalogorako aukeratu zuten.
Iaz aurkeztu zuen Soroa film laburraren ostean, ongi goxatutako proiektua dakar aurtengoan Altunak, berak bizi izandako baserri giroko bizimoduaren amaierari buruzko ekintzazko drama. Bakarka osatutako lehen film luzea du, eta zuzenean Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatzeko aukeratua izan da. Lasai dago, ordea, bergararra, ikus-entzuleek gustuko izango duten istorioa osatu duela uste baitu; “gai unibertsala da, euskalduna dirudien arren”. Berarekin izan gara.