Euskaraz Bizi Nahi Dut film laburren lehiaketaren testuinguruan, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak zinema munduan euskararen normalizazioaren alde egindako lanagatik norbanako zein erakunderen bat omendu du azken urteetan, eta aurtengoan Zinea.eus albistaria sarituko dute.
Euskaraz Bizi Nahi Dut film laburren lehiaketaren laugarren edizioa iragan maiatzean jarri zuen martxan Kontseiluak. Lanak aurkezteko epea zabaldu zuten orduan, profesionalen zein amateurren kategorietan, eta 15 minutu baino gutxiagoko argitaratu gabeko lanak galdegin zizkieten euskal zinegile/zinemazaleei, euskaraz bizitzeko nahia hedatzea helburu izan behar zutenak.
Bada, orotara 17 lan jaso dituzte aurtengoan, eta Jon Garaño zinegileak, Maialen Beloki Donostia Zinemaldiko Zuzendaritza eta Hautespen Batzordeetako kideak, eta Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak osatutako epaimahaiak datorren ostiralean, irailak 19, Donostia Zinemaldiaren egitarauaren baitan egingo duten ekitaldian jakinaraziko dituzte irabazleen izen-abizenak. Kutxa Andia aretoan egingo dute gala, 19:00etatik aurrera.
Egindako lanari aitortza
Bada, zinemaren alorrean euskara normalizatzearen alde egindako lanagatik bi erakunde saritu dituzte azken urteetan; 2013an Bikoizketa Euskaraz taldea omendu zuten, eta iaz Lekeitioko Euskal Zine Bileraren txanda izan zen. Biak ala biak ibilbide luzeko ekimenak dira, hizkuntza egonkortzeko lan garrantzitsu eta ezinbestekoa egiteaz gain, euskarazko zinema zabaltzeko bitarteko ere badirenak.
Aurtengoan, berriz, Zinea.eus albistarian egiten dugun lana saritu nahi izan dute erakundeko kideek, “euskal komunitatearen zinemazaleak saretzeagatik”, eta Aitor Ruiz de Egino artista hernaniarrak egindako oroigarria emango digute larunbateko ekitaldian.
Gure aldetik, saria bihotzez eskertu nahi dugu, ibilbide laburreko (2 urte) proiektu honetan sinesteagatik eta etorkizunean lanean jarraitzeko bultzada emateagatik. Hazten jarraitzea dugu helburu, gutxinaka, euskal ikus-entzunezkoen eta zinemazaleen bilgune bilakatzeko.
Mila esker!