Urtea: 2014
Herrialdea: AEB
Josh (Ben Stiller) eta emazte Corneliak (Naomi Watts) 40 urte inguru dituzte. Haien lagunek haurrak eduki dituzte, eta bikotea lekuz kanpo sentitzen da. Bizitza monotonoa dute, eta ezerk ilusiorik egiten ez diela dirudi. 25 urteko bikote berezi bat ezagutuko dute orduan, Jamie (Adam Driver) eta Darby (Amanda Seyfried), “hipster” kategorian sar genezakeen bikotea. Neskak izozkiak egiten ditu eta mutila filmean zehar joko asko emango duen dokumentalgilea da. Haien energiak eta ilusioz beteriko planek maitemindu egingo dituzte Josh eta Cornelia, eta gazteen erritmoa jarraitzen saiatuko dira 40 urteen bueltako krisi delakoa aldentze aldera, bidean haien 40 urteko lagunak utziz.
Baumbach-ek era satiriko batean erretratatu ditu bikotearen abenturak. Gazteen zein helduen ekintzak barregarri uzten ditu, izan ere, Watts eta Stillerrek ez dute beren lekua topatuko ez helduen taldean, ezta gazteenean ere: lekuz kanpo daude bai hip-hop saioetan, baita haur kanten eskoletan ere. Halaber, oso era dibertigarrian konparatu ditu bi generazio desberdin: gazte “hipsterrek” liburuak irakurtzen dituzte, binilozko diskak entzun eta vhs bideoak ikusi. Helduek, ordea, liburu elektronikoa dute, cd-ak entzutzen dituzte eta netflix erabiltzen dute.
Komedia estatubatuar sinple bat dirudien arren, badu bere mezua, eta amaierak gehiegi konbentzitu ez banau ere, oso era txukunean zuzendutako filma dela aipatu nahiko nuke. Erabat zoroak diruditen ekintzak oso natural geratzen dira Baumbach-ek sortutako pertsonaia gazte hipzterrengan, eta, aldi berean, guztiz barregarri Stiller eta Watts bikotearen kasuan. Hala ere, zenbaitetan adin jakin bateko ikuslegoari zuzendutako filma dela esango nuke, gazteak ez gaituelako oso leku onean uzten.
Bizitzaz, denboraren igarotzeaz, laguntasunaz hausnartzen duen filma da While we’re young. Era satiriko eta inteligente batean pentsatzera bideratuko du ikuslea, eta zenbait ideiarekin ados ez nagoen arren, guztiz gomendagarria dela deritzot.