Donostiako Gros auzoko Kortxoenea gaztetxeak Zinemaldi Alternatiboa egin ohi du urtero Donostiako Zinemaldiarekin batera. Aurtengoan, azken asteetako gorabeherek hauspotuta, sekula baino indartsuago ekingo diote jaialdiari hilaren 24an Jakue Pascual eta Alberto Peñalbaren Radikales Libres dokumentalarekin.
Irailaren 24ean, 25ean eta 26an Donostiara hurbilduko diren zinezaleek 63. Zinemaldiko egutegi ofizialaz gain, beste hiru saio alternatiborekin gozatzeko aukera izango dute Kortxoenean. Emanaldiak 19:00etan izango dira, eta proiekzioen ostean gonbidatuak izan diren egileekin solasteko aukera izango da.
Lehen saioa ostegunean egingo dute, eta Jakue Pascual eta Alberto Peñalbaren Radikales Libres dokumentala izango da ikusgai. Kataluniako askatasun nazional eta soziala bultzatzen ari den mugimendu homonimo zabal eta heterodoxoa erretratatuko du Bartzelonan egindako zortzi elkarrizketen bidez.
Irailaren 25ean, aldiz, 2014an desalojatu zuten Can Vies Gizarte-Zentro Autogestionatuari buruzko lana eskainiko dute. Alice Kohn, Jimena Martinez, Aitor Palacios, Pablo Rogero eta Mar Valldeoriolak zuzendu dute Temps de CanVi(e)s dokumentala. Hiriarekiko ikuspegi ezberdinak plazaratuko ditu, eta krisi garaiotan autogestioak eskaini ditzakeen aukerez ariko dira.
Eta hilaren 26an, azkenik, Kortxoenearen proiektu kuttunena eskainiko dute: Joseba P. Sansebastian, Beñat A. Mora eta Markel O. Gaztañagak zuzendutako Kortxoenea. Irautea sortzea delako dokumentala. Kortxoenearen esperientziari buruzko lana da, ekoizpen soziala, politika instituzionala, mugimendu sozialak eta beste hainbat alderdi lantzen dituena. Hala, mugimendu sozialen gaitasunak zabaltzeko baliagarria izango den herraminta kolektiboa sortu dute.