Estralurtarrei eta munduaren amaierari buruzko Abslutely Anything komedia zoroarekin abiatuko da aurtengo Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea urriaren 31n, larunbata. Horrez gain, jaialdian zehar proiektatuko dituzten beste film aditzera eman dituzte gaur.
Life of Brian (1979), Monty Python and the Holy Grail (1975) eta The Meaning of Life (1983), besteak beste, gidatu zituen Terry Jones Monty Python taldeko kide ezagunenetakoak zabalduko du aurten Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea. Filma azaroaren 6an helduko da areto komertzialetara, baina horren aurretik, urriaren 31n, Donostiako Antzoki Zaharrean izango da ikusgai.
Ondorengo egunetan, halaber, beste hainbat film labur eta luze proiektatuko dituzte, tartean, ondorengoak:
– Attack on Titan eta Attack on Titan: End of the World. Shinji Higuchi japoniarrak zuzendu du manga ezagunaren irudi errealekin egindako ekoizpen bikoitza.
– German Angst. Maitasunari, sexuari eta heriotzari buruzko hiru ipuinetan oinarrituko Jörg Buttgereit, Michal Kosakowski eta Andreas Marschall alemaniarren lana.
– Ghost Theater/Gekijourei. Hideo Nakata japoniarraren filma aurrenekoz ikusi ahalko da gurean.
– Howl. Londresko aldirietako gaueko tren baten istripua abiapuntzat duen Paul Hyettek zuzendutako filma.
– Martyrs. The Goetz Brothers estatubatuarrek ekoitzitako filma, Pascal Laugier-ek 2008an zuzendu zuen kultuzko film frantses homonimoan oinarritua.
– Summer Camp. Kanpaleku bateko begirale berezi batzuei buruzko Alberto Marini espainiarraren lana.
– Tag. Sion Sono japoniarrak alegia bitxi, iradokitzaile eta asaldatzailea osatu du.
– Turbo Kid. Kanada eta Zelaanda Berriaren arteko ekoizpena, Anouk Whissell, François Simard eta Yoann Karl Whissellek zuzendutakoa. Apokalipsi osteko errealitatean girotua.
– We Are Still Here. Ted Geogheganek sorgindutako etxe baten gorabeherei buruzko filma dakar.
Gainera, Bang! Bang! Zinemarekin elkarlanean, urriaren 24an emanaldi berezia egingo dute jaialdiaren atariko moduan. Antzoki Zaharrean izango da, ohi bezala, eta Conan, the Barbarian (John Milius, 1982) eta Jaws (Steven Spielberg, 1975) filmak izango dira ikusgai 19:30etik aurrera.