terrazatabakalera_0

Iragan ostiralean, irailak 11, zabaldu zituen ateak Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, eta jende andana hurbildu zen inaugurazio ekitaldira. 37.000 metro karratuko azalera duen eraikinak baina, Tabakalera kultur proiektuaz gain, beste hainbat erakunde eta ekimen pribatu ere hartuko ditu, tartean , Donostia Zinemaldia, Euskadiko Filmategia eta Zineuskadi erakundeak, kultur zentro berria zinemaz jantziz.

Komunitate sortzailea indartzea eta hiritarren artean elkarlanerako eta harremanerako aukera guneak sortzea da Tabakaleraren xede nagusia. Horretarako, kultur proiektu propioa ez ezik, beste hainbat alorretako erakunde eta elkarte pribatuk egingo dute bat datozen hilabeteetan eraikinaren ekosistema delakoan, 2016an (Kultur Hiriburutzarekin batera) errendimendu osoan lan egiten hasteko.

1953an sortu zen Donostia Zinemaldiak 63. edizioa izango du aurtengoa, eta Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketak Tabakalera eraikinean egingo dituzte aurten aurrenekoz. Jaialdia amaitutakoan, baina, Zinemaldiko arduradunak bertan geratuko dira, jaialdiaren bulego nagusiak Tabakaleran izango baitira udazkenetik aurrera.

Ez da zinemaren inguruan lan egiten duen erakunde bakarra izango. Orain arte Amarako Antxo Jakituna hiribidean egoitza izan duen Euskadiko Filmategia ere bertara lekualdatu da datozen hileetan. Espazio gehiago ez ezik, ikusgarritasun handiagoa ere eskuratuko du hala, eta proiekzioak edo pase bereziak egiteko aukera izango du Tabakaleran bertan dagoen Zinean.

Eta haiekin batera izango da, nola ez, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Euskadiko produktoreen bi elkarteekin batera (IBAIA eta EPE-APV) kudeatzen duen Zineuskadi ere. Irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta ikus-entzunezko sektoreari laguntza estrategikoa ematea du xede nagusi; horretarako, besteak beste, Zinema Euskaraz programa, zinema aretoentzako laguntzak, Europa Creativa programa eta beste hainbat egitasmo gauzatzen ditu. Orain arte Gros auzoko Colon pasealekuan izan dute egoitza nagusia, baina udazkenetik aurrera Tabakaleran topatuko ditugu bertako arduradunak.

Haiekin batera izango dira, halaber, Etxepare Euskal Institutua eta Kutxa Fundazioa, eta datozen hileetan ere, ziurrenik, beste hainbat erakunde batuko zaizkie.

Zinea

Gainera, iragan larunbatean inauguratu zuten Zinea ere badu du Tabakalerak. 42 metro karratuko pantaila du, 229 eserleku (horietatik 6 egokituak), eta proiekzioak eta bestelako ekitaldiak egiteko azpiegitura egokia, hala nola, aurkezpenak edo konferentziak. Eta nola ez, zine moduan erabiltzeko ere aproposa da.

Honenbestez, aurrerantzean zinemaren hiriko topaleku ere izango da Tabakalera. Zinemaldiko sailak, proiekzio bereziak, erakusketak, Nosferatu zikloa, tailerrak eta areto komertzialetan eskaintzen ez dituzte film garaikideak egingo dituzte bertan; urrian, esaterako, Andrés Di Tella zinegile argentinarrari buruzko atzera begirakoa egingo dute.