Kubako errealitate anitzak islatzen dituzten lau dokumental proiektatuko dituzte iraileko ostiraletan Gasteizko Artiumen. Iragan astean Otra isla (Heidi Hassán) lanak zabaldu zuen zikloa, eta gaur bertan, irailak 11, Haliám Perezen Marina dokumentala eskainiko dute 20:00etatik aurrera.

Judith Ruiz komisarioak kudeatuko ditu Kubako zinema independentearen proiekzioak; izan ere, Bartzelonan egiten duten izen bereko zikloko zuzendaria da. Hala, Zurizko damak taldeko kide den Marina emakumeari buruzko dokumental homonimoa eskainiko dute gaur 20:00etatik aurrera. Sarrerak 2 euro balioko ditu, baina ziklo osorako bonoa 4 eurotan eskura daiteke.

Datorren ostiralean, irailak 18, aldiz, Eliecer Jiménez zinegilearen Entropía dokumentalaren txanda izango da. Beste film batzuetako zatiekin eta dozenaka argazkirekin osatutako lana da, eta New Yorkeko Kubatar Kulturunean aurkeztu zutenean, kritika bikainak jaso zituen.

Hilaren 25ean, azkenik, Irene Gutiérrez eta Javier Labradorrek zuzendutako Hotel Nueva Isla lan arrakastatsua proiektatuko dute (goian trailerra). Erortzear den eraikin zahar batean bizi den Jorge du protagonista; ez du bertatik alde egin nahi, garai batean bertan bizi izan ziren bizilagunek eraikineko hormetan gorde zituzten altxorrak lortu nahi baititu.

Gainera, Kubako argazkigintza garaikideari buruzko Ikonokrazia erakusketak lagunduko du zinema emanaldien zikloa.