En chance til
Iazko Donostia Zinemaldian ikusgai izan genuen Susanne Bier danimarkarraren En chance til. Andreas eta Simon poliziak dira filmeko pertsonaia nagusiak; lehenak bizimodu egonkor eta lasaia du, bigarrena, ostera, banandu egin da eta alkoholetan itotzen ditu atsekabeak. Halako batean, drogazale bikote baten etxera joan beharko dute eta armairuan gordetako haur bat topatuko dute bertan.
Un moment d’égarement
1977ko film homonimoaren bertsio berria dakar Jean-François Richetek. Bi lagunek Korsikara joatea erabakiko dute euren alabekin, astebeteko oporrak egitera; baina haietako batek bestearen alabarekin maitasun harreman bat hasiko du, eta horrek oporraldia gaiztotuko du.
The Visit
M. Night Shyamalan zinegileak, ostera, thrillerra eta beldurra uztartzen dituen aurrekontu baxuko filma aurkeztuko du: The Visit. Ama batek Pensilvaniako baserri batean bizi diren aiton-amonengana bidaliko ditu seme-alabak, aspaldiko partez, astea haiekin igaro dezaten. Egonaldia, baina, uste baino bereziagoa izango da gaztetxoentzat, aiton-amonek gauza arraroak egiten dituztela ohartuko baitira.
Queen and Country
Erresuma Batutik II. Mundu Gerran girotutako drama helduko zaigu. Londresen hazitako gazte batek Koreako Gerran bizitakoak pantailaratuko ditu John Boormanek gidatutako filmak. Zuzendari berak 1987an estreinatu zuen Hope and Glory lanaren bigarren zatia da.
ma ma
Julio Medemen berriena minbiziari buruzko drama gogorra da, ma ma. Penélope Cruz aktorea langabezian dagoen Magda irakaslearen azalean sartuko da. Bularreko minbizia diagnostikatuko diote, eta egoera horren aurrean, indar guztiak bildu eta bizitzaren alde borrokatuko du.
American Ultra
Umorea eta akzioa nahastuko ditu, aldiz, American Ultra komedia estatubatuarrak. Mikel Howell (Jess Eisenberg) motibaziorik gabeko gaztea da; Phoebe (Kristen Stewart) neska-lagunarekin bizi da herri txiki batean. Halako batean, AEBtako Gobernuaren operazio sekretu batean nahasita ikusiko du bere burua, eta egoera surrealista bezain arriskutsuak biziko ditu.
Los héroes del mal
Alex De la Iglesiak ekoitzitako Los héroes del mal nerabezaroari buruzko draman egindako lanagatik aipamen berezia jaso zuen Emilio Palacios aktoreak Malagako zinema-jaialdian. Filma Zoe Berriatúak gidatu du, eta ikaskideen irainak jasaten dituzten hiru gazteren mendekua pantailaratuko du. Beren burua defendatzeko asmoz hasi baziren ere, pixkanaka indarkeria ohiko tresna bilakatuko zaie.
https://youtu.be/gOdr7wzzbQ4
Los exiliados románticos
Eta Malagako zinema-jaialdian, baita ere, epaimahaiak emandako musika onenaren saria jaso zuen filma ere bihar estreinatuko dute zinema aretoetan. Jonás Trueba da filmeko zuzendaria, eta maitasuna eta laguntasuna ditu hizpide; hiru lagunek bidaia bat abiatuko dute esperientzia berriak eta maitasun idilikoa bizitzeko helburuarekin.
Kaptein Sabeltann og skatten i Lama Rama
John Andreas Andersen eta Lisa Marie Gamlemek gidatu dute, azkenik, Norvegiako piratei buruzko lana. Itsasoko abenturak nagusi.
https://youtu.be/K2qF_us4GWc