Museo-San-Telmo

63. Donostia Zinemaldia abiatu aurretik, Donostiako San Telmo Museoan Zinema-ideiak eta Zinema ideiaduna zikloa egingo dute bigarrenez. Orotara hiru mahai-inguru izango dira, eta besteak beste, Harkaitz Cano, Danele Sarriugarte, Jose Luis Rebordinos eta Joxean Fernandez adituek hartuko dute parte.

Irailaren 15ean, 16an eta 17an, Donostia Zinemaldiaren 63. ediziorako motorrak berotzen joateko, zinemarekin lotutako hiru mahai-inguru egingo dituzte San Telmo museoan. Lehenean zinema eta biografia izango dute aztergai, eta Harkaitz Cano idazleak, Cristina Lasa EHUko Estetika eta Arteen Teorien irakasleak eta Danele Sarriugarte itzultzaile eta idazleak hartuko dute parte.

Bigarrenean, ostera, zinemaren eta disidentziaren arteko harremana jorratuko dute gaztelaniaz, eta horretarako Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendaria, Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendaria, eta Javier Rebollo eta David Trueba zinegileak gonbidatuko dituzte.

Hilaren 17an, osteguna, azkenik, zinema eta hizkuntza ez hegemonikoak landuko dituzte Ben Sharrock zinegile eskoziarraren (Pikadero), Sjon Sigurdsson zinegile islandiarraren eta Xabier Berzosa euskal ekoizlearen eskutik.

Sarrera librea izango da, eta saioak 19:00etan abiatuko dituzte.