Lilting-227169320-largeZuzendaria: Hong Khaou

Urtea: 2014

Herrialdea: Erresuma Batua

Junn (Pei-Pei Cheng) Londresko zahar-etxe batean bizi den emakume txinatar-kanbodiarra da. Seme Kai (Andrew Leung) amari bisita egitetik etxera bueltan hilko da, istripu batean. Kairen bikote Richard (Ben Whishaw) Junn bisitatzen hasiko da orduan, mina elkarbanatuz elkarri lagunduko diotela uste baitu. Baina Junnek ez dio ongi-etorririk egingo, izan ere, semea beragandik hurrundu izana egotziko dio, lekua kentzen zion Kairen laguntzat baitu. Ondorioz, Richardek Vann (Naomi Christie) itzultzailea kontratatuko du Junnekin hitz egin ahal izateko, baita Junnek zahar-etxean duen mutil-lagun ingelesa uler dezan ere.

Dolua bizi duten bi pertsonaren istorioa da Lilting. Elkar ulertzen ez duten bi pertsona dira. Baina hizkuntzak oztopo izateari uzten dioenean, elkar ulertu ezin horren benetako arrazoia zein den ikusiko dugu: Junnek ez du Richardek bere semearekiko sentitzen zuen maitasuna ulertuko, ez baitaki haren bikotea zela. Richardek, aldiz, ez du Junnek harekiko azaltzen duen gaitzespena ulertuko.

Istorio samurra da, gure bizitzetatik irten den norbait era ezberdinetan maite daitekeela erakusten diguna. Hala ere, Junnen pertsonaia ulertzea zail samarra egin zait hasieran. Pertsonaia hotza da, petrala, hainbat unetan berekoia. Zahar-etxean duen Alan mutil-laguna, ostera, kontrapuntu ona da. Pertsonaia goxoa da, maitakorra, egunero loreak eramaten dizkio Junni. Eta harekin dagoen uneetan, Junnen izaera hotza hautsi egingo dela ikusiko dugu. Richard, ordea, oso sentibera da. Zeharo atsekabetuta dago, baina Junni lagundu nahi dio, eta indartsu borrokatuko du horretarako.

Poesiaz betetako irudiak dakarzkigu Khaouk. Argia, kolorea, planoen iraupena. Dena dago harmonian. Denborarekin oso era goxoan jokatu duela iruditu zait. Jada hilik dagoen Kai eszena askotan azalduko da, errealitatea eta ametsak nahastuko balira bezala, denbora gelditu egin izan balitz bezala. Eta hil zen bezala desagertuko da, bat batean, ikuslegoa bere falta sumatzen dutenen oroitzapenen lekuko bilakatuz. Khaouren hurrengo proiektua ikusteko irrikaz nago.