Egin salto! Ikus-entzunezkoaren beste mapa bat zikloa aurkeztuko du Bilboko Azkuna Zentroak irail eta urri hasieran. Zirkuitu komertzialetik kanpo aritzen diren euskal zinegileen lanak erakustea du helburu, eta besteak beste, Koldo Almandoz, Maria Elorza eta Lander Camareroren lanak proiektatuko dituzte.
Urriaren 8ra bitarte, euskal errealizadore gazteen dozena bat lan eskainiko dituzte Bilboko Azkuna Zentroan, Egin salto! zikloaren baitan. Film laburrak eta dokumentalak izango dira nagusi, ohiko zirkuitu komertzialetatik kanpo aurkeztutakoak.
Maria Elorzak (irailaren 16an, 17:30ean), Mikel Zatarainek (irailaren 16an, 19:15ean), Koldo Almandozek (urriaren 7an, 17:30ean) eta Lander Camarerok (urriaren 7an, 19:15ean) zuzendutako film laburrak izango dira ikusgai, tartean, Golem Zinemetako 2. solairuan. Guztiak ikusteko, sartu hemen.
Gainera, Igone Arreitaunandiaren Errautsak (irailaren 9an, 17:30ean eta irailaren 10ean 19:30ean), Jesús María Palaciosen Casa vacía eta Gentzane Martínez de Osaba eta Alexander G. De Bikuñaren Señales de vida: Néstor Basterretxea (irailaren 9an 19:15ean eta hurrengo egunean 17:30ean), Raúl De la Fuenteren I am Haiti (irailaren 23an 17:30ean eta 24an 19:00etan), eta Antonio Macarroren A filme – Expedición (irailaren 23an 19:00etan eta 24an 17:30ean) dokumentalak ere proiektatuko dituzte.
Amama eta Pikadero
Urrian, gainera, Donostia Zinemaldian estreinatuko dituzten Amama (Asier Altuna) eta Pikadero (Ben Sharrock) ere eskainiko dituzte Azkuna Zentroko Bideotekan; Lehena irailaren 28an, 20:00etan, eta bigarrena urriaren 1ean, 20:00etan.