Ben Sharrock zuzendariarekin ekoitzi duen Pikadero lehen film luzea 63. Donostia Zinemaldian aurkezteko hautatua izan da, Zuzendari Berriak sailean, eta Euskal Zinemaren Irizar saria eskuratzeko lehian ere ariko da. Irune Gurtubai (Elorrio, 1987) gaztearekin izan gara, bere ibilbideaz, jardunaz eta zinema-jaialdian aurkeztuko duten filmaz hizketan.
Nola heldu zara ekoizle moduan lan egitera?
Mondragon Unibertsitatean Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi eta gero, beka bat lortu nuen Edinburgora joan eta zinema master bat egiteko. Master bukaerako proiektu gisa The Zealot laburra ekoitzi nuen, eta Lekeitioko Zine Bileran film labur amateur onenaren saria jaso zuen. Masterra bukatzean, halaber, Dubaira joan nintzen ekoizpen etxe batean lan egitera; han nengoela, MFA (goi-mailako master bat) ikasteko beka bat lortu nuen eta Edinburgora itzuli nintzen. Masterreko azken proiektua izan zen Patata Tortilla film laburrak BAFTA New Talent sari bi jaso zituen, Film eta Gidoi Onenarenak, eta hura amaitutakoan Pikadero filmean hasi nintzen lanean.
Nola ezagutu zenuen Ben Sharrock eta zergatik erabaki zenuten proiektua abiatzea?
Ben nire ikaskidea izan zen Edinburgoko lehen masterrean. Ni ekoizle ikasketak egiten ari nintzen, eta bera zuzendari ikasketak. Film laburren alorrean bagenuen eskarmentu pixka bat, eta film luze bat egiteko aukera sortu zitzaigunean, bete-betean hasi ginen.
Nola hautatu zenuten gaia? Zertan oinarritu zineten?
Istorioa Benek sortu zuen, baita gidoia idatzi ere. Azken urteotan denboraldi luzeak egin ditu Euskal Herrian, eta bere sorterri Eskoziarekin ezberdintasun handiak dituela ikusi du. Alde batetik, krisia nabarmenagoa da hemen, eta bestetik, “pikadero”en gaiak Beni grazia egiten diola uste dut! Han ez dute halakorik. Beraz, ez dakit nola otu zitzaion istorioa, baina bien arteko konexioa egin zuen eta…
Eta nola osatu duzue gidoia?
Ekoizle gisa, hasieratik buru-belarri sartu nintzen proiektuan, asko gustatzen zaidan zerbait delako. Benek idatzi ahala irakurtzen nuen gidoia, kritika konstruktiboak eginez. Gidoiek zirriborro asko behar izaten dituzte prest egon arte, eta prozesua oso luzea izaten da. Hala, bion artean alderdi ezberdinei buruz hitz egiten genuen, eta aldaketak egiten joan ginen, emaitzarekin guztiz pozik egon arte.
Errodajea Euskal Herrian egin duzue, baina edizio prozesua Eskozian egiten ari zarete. Zergatik?
Koprodukzioa denez, errodajea hemen eta post-produkzioa han egitea erabaki genuen. Gainera, estudioa Eskozian duen editore batekin egin ohi dugu lan, eta oraingoan ere hala egitea erabaki dugu.
Barbara Goenagaren hitzetan, Euskal Herrian egin ohi dugun komediarekiko oso ezberdina den umorea darabil filmak.
Umorezko filma da, baina ez pertsonaiek esaten dutenagatik. Umore lehorragoa da, ilunagoa, beharbada. Filmeko gertaerak barregarriak suerta daitezke ikuslearentzat, baina pertsonaiek ez dute hori pentsatuko, ziur!
Eta zergatik Pikadero izenburua?
Ba hasieran izenik pentsatu ez genuenez, gure artean Pikadero deitzen genion proiektuari, zertaz hitz egiten ari ginen modu erraz eta bizkor batean adierazteko. Eta azkenean, hainbeste erabili genuenez, halaxe geratu zen. “Pikadero”ek, noski, garratzia handia dute filmean, eta horri egiten dio erreferentzia.
Nolakoa izan da prozesua? Zein zailtasun nagusiri egin behar izan diezue aurre?
Esperientzia ikaragarria izan da. Film laburrak egin izan ditugu, eta badakigu zenbat lan egin behar den. Eta noski, film luze bat egiteak lan gehiago dakar, dena handiagoa baita. Talde oso polita bildu genuen eta errodajea gogorra izan zen arren, oso ondo pasa genuen. Esaterako, sekuentzia baten grabaketa hiru aldiz atzeratu behar izan genuen euria egiten zuelako. Egun osoa ateri egon zen arren, sekuentzia hori errodatzeko prest ginenean hasi zuen euria, baina tira, azkenean ongi irten zen.
Nola hartu zenuten Donostia Zinemaldiko albistea?
Poztasun handia izan zen. Hasieratik Donostiako Zinemaldian sartzea genuen helburu, eta lortu egin dugu. Oso jaialdi garratzitsua da, estatuan ez ezik, baita Europan eta munduan ere. Filma nazioartera zabaltzen lagunduko digu eta industriako jendearengana iristen.
Proiektua orokorrean baloratu beharko bazenu, zer esango zenuke?
Gure lehen film luzea izan da eta hori bizitzan behin bakarrik gertatzen da. Oso berezia izan da prosezu osoa hasieratik amaierara bizitzea, eta orain disfrutatzea tokatzen zaigu. Noski, ikusleek eta kritikoek zer esaten duten ikusi beharko dugu… Baina Donostia Zinemaldiaz gozatu nahi dugu, eta beste zinema-jaialdi batzuetara joango gara ondoren. Ikusiko dugu zer datorren!