Donostia_Zinemaldia_Aurkezpena

Irailaren 25ean emango diote telebista eta zinemako aktore britainiarrari 63. Donostia Zinemaldiko Donostia Saria. Bere ibilbidea goraipatuko dute hala. Gainera, Sienna Miller, Tom Hiddleston, Luke Evans, Ellen Page, Emily Blunt, Benicio del Toro, Tim Roth eta George Miller, besteak beste, etorriko dira euren lanak aurkeztera.

Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak, eta Maialen Beloki eta Joxean Fernández Zuzendaritza Taldeko kideek irailaren 18tik 26ra luzatuko den 63. Donostia Zinemaldia aurkeztu dute gaur Donostian. Bertan, azken asteetako galdera errepikatuenari behin betiko erantzuna eman diote: aurtengoan Emily Watson aktore britainiarrak jasoko du Donostia Saria. Lars Von Trier-en Breaking the Waves (1996) filmean hasi zuen bere zinemako ibilbidea, eta zuzenean emakumezko aktore onenaren Oscar sarirako eta Urrezko Globoetarako proposatu zuten. Ondoren etorriko ziren The Mill on the Floss (1997)The Boxer (1998) eta Metroland (1998), eta 1999an berriz ere Oscar sarietarako proposatua izan zen Jacqueline du Préren Hilary and Jackie (1999) filmean egindako lanagatik. Geroztik dozenatik gora film eta telesailetan hartu du parte, eta aurten The Theory of Everything (James Marsh), Little Boy (Alejandro Gómez Monteverde) eta Everest (Baltasar Kormákur) estreinatu(ko) ditu.

Bigarren Donostia Sari bat emateko asmoa ere badutela azaldu du Rebordinosek, baina agenda kontuak tarteko, zaila izango dela.

Horrez gain, nazioarteko dozenaka aktore, ekoizle eta zuzendari ospetsuk beteko dute Kursaaleko alfonbra gorria, tartean, Sienna Miller, Tom Hiddleston eta Luke Evans (High Rise, Ben Wheatley), Ellen Page (Freeheld, Peter Sollett), Emily Blunt eta Benicio del Toro (Sicario, Denis Villeneuve), Tim Roth (600 millas, Gabriel Ripstein, eta Chronic, Michel Franco), Louise Bourgoin (Les chevaliers blancs, Steve Fonyo), eta Karin Viard eta Isabelle Carré (21 nuits avec Pattie, Arnaud Larrieu) aktoreak.

Era berean, Pablo Agüero (Eva no duerme), Laurie Anderson (Heart of a Dog), Terence Davies (Sunset Song), Michael Franco (Chronic), Hirokazu Koreeeda (Umimachi Diary), George Miller (Mad Max: Fury Road), Walter Salles (Jia Zhang-ke), Peter Sollett (Freeheld), Pablo Trapero (El clan), eta beste hainbat zinegile hurbilduko dira Donostiara.

Epaimahaikideak

Gainera, Zuzendari Berriak saileko, eta Horizontes eta Euskal Zinemaren Irizar sarietako epaimahaikideak ere aditzera eman dituzte gaur. Zuzendari Berriak sailean, Diego Lerer (presidentea), Francine Brücher, Desirée de Fez, Olivia Stewart eta Edgard Tenembaum izango dira epaimahaikideak; Horizontes saria Agustina Chiarino (presidentea), Fran Gayo eta Rubén Otxandianok emango dute; eta Jose Mari Goenaga (presidentea), María Elorza eta Dolores Meijominek Irizar saria.