Urtea: 2014
Herrialdea: Frantzia
Hiru bikote dira Resnaisen azken filmeko protagonistak. Sendagileek sei hileko biziraupena emango diote haien lagun George Rileyri, eta horregatik, lagun taldeko hiruk prestatzen ari diren antzerki obran parte hartzera gonbidatuko dute George. Pixkanaka pertsonaia bakoitzak Georgekin duen harremana ezagutzen joango dira ikusleak, eta ezkutuan zeuden hainbat alderi azaleratuko dira.
Alain Resnaisen azken filma dugu Aimer, boire et chanter. Berlinale zinema jaialdian aurkeztu zuen 2014ean, eta handik aste gutxira hil zen zinegilea. 90 urterekin errodatu zuen filma, eta Alain Ayckbournen Life of Riley antzerki obraren egokitzapena da.
Joan zen astean antzerki obren egokitzapenei buruz esandakoa datorkit burura Aimer, boire et chanter antzezlan baten egokitzapena delako, eta Resnaisek oso argi utziko digu hori hasieratik. Filmean pertsonaiak antzerki obra amateur bat prestatzen ari dira, eta Resnaisek zera egin du, obraren entseguak planoz kanpo kokatu, eta “bizitza errealari” antzeztokiko eszenografia jarri, ukitu faltsu bat emanez. Pertsonaiek eurek ere zenbaitetan ez dute benetan diotena eta antzezlaneko testua bereiziko. Benetan ausarta den planteamendua iruditu zait. Ausarta, edo beharbada, galtzeko ezer ez duen norbaiten erabakia. Edozer dela ere, Resnaisen munduan murgilduko gaitu apustuak.
Zinemagile frantsesaren agur filma dela ere esan genezake. Haren heriotza iragartzen duen lana dirudi, izan ere, George Riley, istorioan hiltzear den pertsonaia, ez da eszena bakar batean ere azalduko. Bera da gainontzeko pertsonaien arteko haria, hark sortuko baititu iskanbilak, azaleratuko sekretuak, baina ez dugu behin ere ikusiko. Kamera atzean ezkutatzen den zine zuzendaria bezala.
Zenbaitetan istorioa sinple samarra iruditu zait. Aktoreak bikain daude antzerkiko pertsonaien berezko esajerazioa abiapuntutzat hartuta, baina zenbaitetan “kulebroi” kutsua dario filmari. Hala ere, merezi du zuzendari handi honen agurraren testigu izatea, era umil batean bada ere, bizitzak aurrera darraiela erakusten baitigu, eta joan arren, maitatzen, edaten eta abesten jarraitu behar dugula.