Josu Martínezen Gure sor lekuaren bila, Gorka Bilbaoren Jai Alai Blues, Pablo Iraburu eta Migueltxo Molinaren Walls, eta aurretik iragarritako Lara Izagirreren Un otoño sin Berlin 63. Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean ez ezik, mundu mailan ere estreinatuko dira irailaren 18tik 26ra bitarte. Hala iragarri dute gaur Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendaria buru zuen agerraldian.
Haiekin batera, Zinemira sailean izango dira Jorge Fernández, Pablo Tosco eta Pablo Irabururen District Zero dokumentala, Sam Orti Martiren animaziozko Pos eso filma, Carlos Rodríguezen #Jazzaldia50 dokumentala eta Olivier Masset-Depasseren Sanctuaire film garaikidea. Hala, euskal ekoizpena duten zortzi film lehiatuko dira aurtengo Zinemira sailean, horien artean lau (Gure sor lekuaren bila, Sanctuaire, Jai Alai Blues eta #Jazzaldia50) euskaraz.
Gainera, Euskal Zinemaren Irizar Saria irabazi ahal izango dute zazpi filmek: Asier Altunaren Amama, Gure sor lekua, Jai Alai Blues, Un otoño sin Berlin, Ben Sharrocken Pikadero, Alberto Vázquez eta Pedro Riveroren Psiconautas, eta Walls.
Horrez gain, aurtengo Zinemira Saria Karmele Soler makillatzaileari egokituko zaio. Donostia Zinemaldiak, EPE/APV eta IBAIA ekoizleen elkarteekin elkarlanean ematen duten saria da, eta irailaren 22an egingo duten Euskal Zinemaren galan banatuko dute, Izagirreren Un otoño sin Berlin filmaren proiekzioaren aurretik.
Dena den, azken urteetan gertatu den gisan, aurten ere euskal filmak ez dira Zinemira sailera mugatuko; Altunaren Amama (Sail Ofizialean) edota Sharrocken Pikadero (Zuzendari Berriak sailean) dagoeneko ezagunak ditugu, baina horiez gaina, Txingarra (Xabi Gutiérrez Márquez, Culinary Zinema sailean), Campo a través (Pep Gatell, Culinary Zinema sailean), Rey Gitano (Juanma Bajo Ulloa (Made in Spain sailean), Sagardoa bidegile (Bego Zubia Gallastegi, Culinary Zinema sailean), eta Vinyland (Marcos García eta Mikel Insausti, bestelako jarduera gisa) euskal ekoizpena duten filmek ere hartuko dute parte Zinemaldian. Euskal zinema industriak bizi duen garai oparoa eta azken urteetan EiTB, Eusko Jaurlaritza, IBAIA, EPE-APV eta Zinemaldiak, beste hainbat eragilerekin batera, egindako lana horren erantzule direla azpimarratu du Rebordinosek.
Era berean, 2015eko Kimuak katalogoko zazpi film laburren pase berezi bat egingo dute profesionalentzat, eta beste hainbat film euskarazko azpitituluekin ikusi ahal izango dira, hala nola, Perlak sailean ikusgai izango diren Mia Madre (Nanni Moretti) eta Saul Fia (László Nemes), edota Savage Cinema ataleko Meru (Chai Vasarhelyi eta Jimmy Chin) eta Steve McQueen: The man & Le Mans (John McKenna eta Gabriel Clarke).
Informazio gehiago, hemen.