Mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen lanak ezagutarazteko helburua duen Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa irailaren 22tik 25era luzatuko da aurtengoan, 63. Donostia Zinemaldian. 35 herrialdetako 89 eskolatako 193 film aurkeztu dituzte ekimenera, baina orotara 15 labur izango dira ikusgai.
Tabakalerak eta Donostia Zinemaldiak elkarlanean antolatzen duten ekimenaren hamalaugarren edizioa izango da aurtengoa, eta irailaren 11tik aurrera zabalik izango den Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan egingo dituzte emanaldiak aurten aurrenekoz. Publiko orokorrari zein hainbat gonbidaturi zabaldutako saioak izango dira.
Errumania, Espainia, Kuba, Belgika, Erresuma Batua, Israel, Mexiko, Argentina eta Alemaniatik, besteak beste, heldutako film laburrak Panavisionen zein Freak Agentziaren sariak eskuratzeko lehian ariko dira; lehenak materialaren alokairua doan eskainiko du, eta bigarrenak bere film laburra nazioarteko 50 jaialditan zabaltzeko aukera emango dio irabazleari.
Ondorengoak dira, beraz, Donostia Zinemaldian ikusgai izango diren lanak:
Roxana Stroe errumaniarraren Black Friday – Errumaniako National University of Theatre and Film (goian trailerra)
Nicolás Gutiérrez Wenhammar espainiarraren Dona i Ocell – Bande à Part, Escuela de Cine de Barcelona
Aldemar Matias kubatarraren El enemigo – Kubako Escuela Internacional de Cine y TV
Guy Dessent belgikarraren Espagnol Niveau 1 – Haute École Libre de Bruxelles
Nick Rowland britainiarraren Group B – Erresuma Batuko National Film and Television School
Nitzan Zifrut israeldarraren Kav Hebron – Israelgo The School of Audio and Visual Art, Sapir College
Moïra Pitteloud suitzarraren L’offre – Genovako Haute école d’art et de design
Pepe Gutiérrez mexikarraren Los pájaros miran hacia el norte – Mexikoko Centro Universitario de Estudios Cinematográficos
Kiro Russo argentinarraren Nueva vida – Argentinako Universidad del Cine
Michal Blasko eslovakiarraren Strach – The Academy of Performing Arts Bratislava
Isabel Lamberti holandarraren Volando voy – Herbehereetako Netherlands Film Academy
Khaled Mzher alemaniarraren Wada’ – Deutsche Film – und Fernsehakademie Berlin
Horiez gain, lehiaketaz kanpo aurkeztuko dituzte Atelier Ludwigsburg eskolako bi proiektu, nazioarteko lankidetza eta ekoizpen prozesuak sustatzeko egitasmotik eratorritakoak biak. William Labouryren Fais le mort batetik, eta Luzie Loosen French Fries bestetik. Eta azkenik, Sebastián Palominos txiletarraren Francesca izango da ikusgai, lehiaketaz kanpo, baita ere; Escuela de Comunicación DuocUC eskolako lana da.