1988ko abuztuaren 14ean Burgosen jaio zen arren, Loreto Mauleonek donostiartzat du bere burua. Gaztetatik antzerkiaren munduan murgildu zen, eta antzerki eskoletatik ETB1eko Goenkale telesailera jauzi egin zuen. Ondoren etorriko ziren Hodeiak margotzeko makina (Patxo Telleria eta Aitor Mazo, 2009) eta Bi anai (Imanol Rayo, 2010) film luzeak, baita El secreto de Puente Viejo telesail arrakastatsua ere. Donostian bildu gara berarekin, Aitaren Etxea proiektu berriaren estreinaldiaren aurretik.

EHUn Herri Lanetako Ingeniaritza ikasten ari zela, Goenkale telesailerako proba bat egin zuen, eta ondorengo sei urteetan gorpuztuko zuen Joanaren papera eskuratu zuen. Zinema eta antzerkia alboratu gabe, aktore ibilbidearekin aurrera jarraitu zuen, eta 2012an Antena3 telebista kateko El secreto de Puente Viejo telesailean hasi zen, María Castañeda protagonista gisa.

Donostiarrak ibilbide labur baina oparoa du, eta udazkenean ETBren ekoizpen berrian ikusi ahal izango dugu. Aitaren Etxea Frankismo garaian girotuta dago, eta joera politiko ezberdinak dituzten bi familiaren arteko tira-birak kontatuko ditu.

Etorkizun emankorra izango duen euskal aktore gaztea hobeto ezagutu nahi baduzu, ez galdu elkarrizketa!