Cut Bank
Liam Hemsworth eta Billy Bob Thornton buru dituen drama independente estatubatuarra. Lehena Dwayne McClaren izeneko mekanikoaren azalean sartuko da; kirol izarra izan zen institutuan, eta orain Cut Bank herritik (AEBtako herririk hotzenetik) irteteko irrikaz dago, modelo izan nahi duen neska-lagun Cassandrarekin hirira joateko. Neska kamera batekin grabatzen duen bitartean, baina, hilketa baten testigu izango da, eta horrek Vogel Sheriffaren (Thornton) ikerketan ezinbesteko pieza bilakatuko du.
Aimer, boire et chanter
Frantziatik, aldiz, Berlingo zinemaldian FIPRESCI eta Alfred Bauer sariak jaso zituen lana helduko zaigu: Alain Resnaisen Aimer, boire et chanter. Yorkshireko landazabaleko herri txiki batean, hiru bikoteren bizitzak goitik behera aldatuko dira udaberritik udazkenera.
Mr. Holmes
Eta aurtengo Berlingo zinema jaialdian baita ere ikusgai izan den beste film bat helduko zaigu asteburuan zinemetara: Mr. Holmes intrigazko drama. Bill Condonek gidatu du Holmes detektibearen azken urteak erretratatzen dituen filma. 93 urte ditu, eta memoriak zein adimen-gaitasunak huts egiten diote; hala ere, ustekabeko kasu oso garrantzitsu bati aurre egin beharko dio.
Vacation
Asteko abenturazko komedia estatubatuarra: Vacation. Rusty Griswoldek emazte Debbie eta semeak hartu eta herrialde osoa autoz zeharkatzea erabakiko du Walley World jolas-parkera joateko; horrela, familiako kideen arteko lotura sendotuko duela uste du. John Francis Daley eta Jonathan M. Goldsteinek zuzendu duten film eroa.
Fant4stic (The Fantastic Four)
Marvelen superheroi ezagunen istorioaren egokitzapen garaikidea. Oraingo honetan, Miles Teller, Kate Mara, Michael B. Jordan eta Jamie Bell izango dira ahalmen bereziak eskuratuko dituzten lau gazteak. Hala, nork bere trebetasuna menderatu beharko du etsai indartsu bati aurre egin ahal izateko.