My_old_ladyZuzendaria: Israel Horovitz

Urtea: 2014

Herrialdea: Erresuma Batua, AEB eta Frantzia

Mathias (Kevin Kline) 57 urteko gizon estatubatuarra da. Pariseko Marais auzoko apartamentu bat utzi dio aitak oinordetzan, eta arazo ekonomikoak dituenez, Parisera bidaiatuko du apartamentua saltzeko asmoz. Bertara iristean, ordea, arazo batekin egingo du topo: apartamentua viager sistemaren bidez erosi zuen aitak, eta horregatik, bertan bizi den andreari (Maggie Smith) diru kopuru altu samar bat ordaindu beharko dio hilero; gainera, ezingo du hura etxetik bota hil arte. New Yorkera dirurik gabe itzuli beharrean, bertan gelditzea erabakiko du orduan Mathiasek, emakumea azkar hilko dela uste baitu. Baina egunak pasa ahala, andrazkoaren familiari buruzko sekretuak ezagutuko ditu. Kristin Scott Thomas aktoreak Mathilderen alaba Chloéren pertsonaia antzezten du.

Horovitzen lehen fikziozko film luzea da My old lady. Horovitzek berak idatzi eta zuzendu duen izen bereko antzerki obraren moldaketa da. Arazo pertsonal bat dut antzerki obren zinemarako moldaketekin. Izan ere, liburu bat zinemara moldatzen duzunean, hitzei irudiak gehitzen ari zara. Azken batean, irakurleak liburua irakurri bitartean buruan irudikatu dituenak pantailara eramaten ari zara. Gerta liteke irakurle guztien irudimenarekin bat ez egitea, baina edonola ere, liburuari zer edo zer gehitu diozu, aberastu egin duzu, nolabait. Antzerki obren kasuan, ikuslegoak jada badauzka irudiak, bere aurrean ikus baititzake pertsonaiak eszenatokian. Beraz, zer gehitu diezaioke zinemak? Neurri batean, ikuslegoaren begirada zuzentzea dela esango nuke. Ikuslegoak nora begiratu behar duen, zenbat denboraz, begiratzen ari den horrek zer sentiaraziko dion… Horretarako mila baliabide dauzka zinemak; soinua, argi eta itzalen erabilera, muntaiaren erritmoa, planoen aukeraketa, zer erakutsi, zer ez. Nolabaiteko manipulazioa da, baina aberastu egiten duen manipulazioa.

Horovitzek, ordea, ez ditu zinemak eskaintzen dizkion baliabide guzti horiek aprobetxatu. Zenbaitetan, eszenatokian jarraitzen nuela uste izan dut, norbait antzerki obra grabatzera joan izan balitz bezala. Pelikula zuzena da, ez dut ukatuko; aktore bikainak ditu, txalotzeko antzezpenak, eta argazkia ere oso txukuna iruditu zait. Baina antzokitik atera nahi nuen, eta zinemara sartu.