Berlingo zinema jaialdian Zilarrezko Hartza eskuratu zuen Pablo Larraínen El club filmak zabalduko du 63. Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos saila, baina horrez gain, Canneseko zinemaldian gidoi onenaren garaikurra eskuratu zuen Michel Francoren Chronic filma ere izango da lehian, beste hamabi filmekin batera.

Latinoamerikako zinemagintzak badu bere saila Donostia Zinemaldian, Horizontes Latinos izenekoa, eta urteko ekoizpen esanguratsuena, nazioarteko jaialdietan sari garrantzitsuak eskuratu dituztenak, biltzen dituzte bertan Donostia Zinemaldiko Hautespen Batzordeko lagunek.

Bada, aurten Pablo Larraín txiletarraren El club filmak zabalduko du saila, Berlinen Zilarrezko Hartza jaso zuen dramak. Egindako bekatuak garbitzeko, Txileko herri txiki batean bizi dira lau apaiz zaintzaile baten begiradapean.

Canneseko zinemaldian gidoi onenaren garaikurra jaso zuen Chronic lanak, ostera, gaixo terminalak laguntzen dituen erizain isil baten istorioa pantailaratuko du.

Berlingo Panorama sailean aurkeztu zuten lehen filma, 600 millas (Gabriel Ripstein), ere Donostian izango da lehian. AEBtatik Mexikora armak garraiatzen dituen Arnulfo Rubio gazteak eta hura harrapatzen ahaleginduko den Hank Harris ATFko agente beteranoak hemezortzi orduko bidaia luzea egin beharko dute elkarrekin, arriskuz beteriko ingurunera. Bidaiak bien bizitzak aldatuko ditu.

El abrazo de la serpiente (Ciro Guerra) filmak, aldiz, xaman amazoniar baten eta bi esploratzaile mendebaldarren arteko gertaera epikoa aurkeztuko digu. Lana Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian aurkeztu zuten.

Patricio Guzmánen El botón de nácar dokumentalak uraz, kosmosaz eta gutaz, gizakioz, hitz egingo du.

Lorenzo Vigas venezuelarra, bere aldetik, Desde allá filmarekin lehiatuko da. Veneziako jaialdiko Sail Ofizialean aurkeztu zuen laneko protagonista 50 urteko Armando da; mutil gazteei ordaindu egiten die bere etxera joan daitezen, eta gainera, gizon zaharrago bat ere espiatzen du.

David Pablos mexikarraren Las elegidas filma Canneseko Un Certain Regard sailean aurkeztu zuten. 14 urteko Sofiak Mexiko iparraldeko prostituzio-sare batean amaituko du, eta Ulises bere maiteak beste neska bat bilatu beharko du Sofia ordeztu eta neska askatzeko.

Guatemala eta Frantzia artean ekoitzitako Ixcanul (Jayro Bustamante) lanak aipamen berezia eskuratu zuen iazko Zinema Eraikitzen sailean, eta Berlinalen Alfred Bauer garaikurra jaso zuen. Bada, Guatemalako goi-lautadan bizi diren maien bizimodua erakutsiko du lanak.

Aldiz, iazko Zinema Eraikitzen saria irabazi zuen Salvador Del Solarren Magallanes proiektuak. Aurten, halaber, Horizontes Latinosen lehiatuko da. Soldadu izandako Magallanes gizonezkoa taxi gidaria da egun, eta halako batean, bere taxira igoko den Celina ezagutuko du, duela hogei urte baino gehiago apetaz atxilotu zuen nekazari adingabea.

Rotterdameko zinema-jaialdian Tigre saria jaso zuen La obra del siglo (Carlos M. Quintela) ere Zinemaldian izango da. Leonardo da filmeko protagonista, maitasun-harremanean bizi duen krisia tarteko, aitona eta aitarekin bizitzera joango den gaztea.

Canneseko zinemaldian FIPRESCI saria jaso zuen, ostera, Santiago Mitreren Paulina ekoizpenak. Abokatu lana utzi eta Argentinako eskualde pobretu batera irakasle gisa joatea erabakiko du Paulinak.

2013ko Donostia Zinemaldiko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan parte hartu zuen eta 2014koan Zinema Eraikitzen sailean izan zen Para Minha Amada Morta brasildarra ere saria eskuratzeko lehian ariko da aurten. Fernando bere seme bakarraren ardura duen gizon zintzoa da; Ana emaztea hil zitzaionetik, haren gauzak txukuntzen ditu gauero elkarri zioten maitasuna gogoratzeko. Baina VHS bideo-zinta baten aurkikuntzak dena aldatuko du.

Locarnoko zinema-jaialdian lehiatu zen Te prometo anarquía (Julio Hernández Cordón) filmak, ostera, Miguel eta Johnnyren abenturak pantailaratuko ditu. Patinatzea gustuko dute, eta diru erraza lortzeko, beren odola salduko diote kontaktu klandestino bati.

César Augusto Acevedok, azkenik, La tierra y la sombra filmarekin hartuko du parte. Canneseko zinemaldian Caméra D’Or saria jaso zuen lanak familia bateko kideen arteko harreman hauskorrak azaleratuko ditu.