Hiru asteko lan gogorraren ondoren, Argi filmeko lantaldeak atseden har dezake hurrengo erronkarekin hasi aurretik, izan ere, Elorrioko (Bizkaia) etxe, eliza eta kaleetako grabaketa saioak amaitu berri dituzte. Filma Iratxe Mediavillak (Elorrio, 1985) zuzentzen duen lehen luzea da, ikus-entzunezkoetan esperientzia luzea duen arren, lan ugari egin baititu publizitate eta dekorazio sailetan.

Iazko azaroan, 24 ordu digitalean lehiaketa irabazi ostean, Iratxe Mediavilla eta bere lantaldea proiektu handiago bat lantzen hasi ziren. Hala, crowdfunding kanpaina bat jarri zuten abian oinarrizko gastuak estaltzeko, eta ia 6.000 euro eskuratu dizuten. Denborarekin, proiektuak eraldaketa handiak jasan ditu, baina lantaldea gustura dago gidoiak hartu duen formarekin, eta zuzendariak, ekoizleek, teknikariek, aktoreek… baita Elorrioko herritarreke ere, beren hondar alea jarri dute amets txiki bat errealitate bihurtzeko.

Bertara gerturatu gara errodajeko egun bat gertutik jarraitu eta haiekin hitz egiteko. Besteak beste, Yannick Vergara, Eneko Sagardoy, June Gomez, Asier Hormaza eta Soraya Peña aktoreekin izan gara, eta filmaren nondik norakoak azaldu dizkigute. Aurkene Pagalday produkzio-buruak, aldiz, proiektuaren bilakaera teknikoa azaldu digu.

Filmak 60ko, 70eko eta 80ko hamarkadetan zehar Elorrion biziko den Argi neskatoaren istorioa kontatuko digu. Estreinaldia 2016ko otsailean egingo dute Elorrioko Arriola Antzokian, eta ordura arte lan asko egin beharko dutenez, ez galdu jarraian datorren bideoa!