Argazkia: Mikel Martinez

Argazkia: Mikel Martinez

Ordiziarrak antzerkian egin zituen lehen urratsak; hortik telebistara egin zuen jauzi “kasualitatez”, eta bertatik zinemara. Gaur 35 urte bete ditu gazteak, eta zenbaki borobila aitzaiatzat harturik, aktore alai eta karismatiko honen ibilbidean murgilduko gara.

Antzeztea txikitatik zuen gustuko, eta hala, EHUn Publizitatea ikasten zuen bitartean, Ordiziako Urrup antzerki taldean hasi zen. Garai hartan ETB1eko Hasiberriak telesailrako aktoreak aukeratzeko casting-a egin zuten Donostian, eta Cózarrek bertan parte hartzea erabaki zuen arren, ez zuen azken proba gainditu. Hala ere, Goenkaleko zuzendariak bideoa ikusi eta bertan aritzeko aukera eman zion 2001ean; Mimiren pertsonaiari esker egin zen ezagun pantaila txikian.

Goenkale 2010ean utzi behar izan zuen Mugaldekoak telesaila errodatzeko, bertan zortzi denboraldi egin ostean. Tarte horretan, baina, ez zuen antzerkia alboratu, eta besteak beste, Emakumeen Batzarra (2000), No hay ladrón que por bien no venga (2003), Las mujeres de verdad tienen curvas (2003-2006), Emakumeak izarapean (2009), Arrainen bazka (2010), Ate joka (2010) eta Hil arte bizi (2010-2013) antzezlanetan parte hartu zuen. Euskal Herriko antzeztoki gehienak (eta antzeztoki ez direnak) zapaldu ditu hala.

Telebistan, ostera, Goenkalez gain, Ero eta Bero (2004), Mi querido Klikowsky (2005-2008), Qué vida más triste (2008-2010), Mugaldekoak (2010), DBH (2012-2013) eta Kontrako eztarria (2013-2014) telesaioetan ikusi ahal izan dugu, eta irailean ETB1en estreinatuko duten Aitaren Etxea (Jabi Elortegi) telesailean ere hartuko du parte.

Zinemarako osatu zuen lehen filma Kutsidazu bidea, Ixabel (Fernando Bernues eta Mireia Gabilondo, 2006) izan zen, Ruthen paperean, eta 2010ean Mikel Ruedaren Izarren argia filmean hartu zuen parte. Beste hainbat emakumerekin Saturrarango kartzelan preso zegoen Julia izeneko andrazkoaren azalean sartu zen.

Ondoren etorriko ziren Patxo Telleria eta Aitor Mazoren Bypass (2012) –bere lehen paper protagonista -, Alex Ezkurdiaren Tres60 (2013), Pablo Maloren Lasa eta Zabala (2014) eta Mikel Ruedaren A escondidas (2014), besteak beste. Datorren urtean estreinatuko duten Argi (Iratxe Mediavilla) filmean, halaber, ikusi ahal izango dugu, paper txiki bat egingo badu ere, eta berriki aurkeztu duten Zea… Bingo! (Ane Urkiola) film laburrean ere parte hartu du.

Antzerkiari dagokionez, orain gutxira arte Maitasunaren ostean maitasuna (2014tik aurrera) eta El hijo de la novia (2014tik aurrera) antzezlanetan aritu da.

Bada, esandakoa: zorionak, Sara!