309669Zuzendaria: Thomas Cailley

Urtea: 2014

Herrialdea: Frantzia

Arnaudek (Kévin Azaïs) aitaren negozioan lanean igaroko du uda. Lagunekin egotea eta lana izango dira bere bi jarduera nagusiak. Uda lasaia izango dela dirudi, Madeleine (Adèle Haenel) azalduko den arte. Neska indartsua da Madeleine, hotz samarra, baina ideiak oso argi dituen gaztea. Dena delakoagatik (aldaketa klimatikoa, gerrak, poloen urtzea…) gizadia segituan amaituko dela uste du, eta horregatik, biziraupen teknikak ikasten ari da. Ezagutza horiek zabaltzeko, armadan sartzeko ikastaro batean eman du izena, gainera. Arnaud txundituta utziko du Madeleinen izaerak, ez du sekula halako neskarik ezagutu, eta itsu-itsuan jarraituko dio armadako ikastarora.

Bizitzarekiko ikuspegi guztiz desberdina duten bi gazteren istorioa kontatuko digu Les Combattants filmak. Arnaud orainaldian bizi da, unean unekoa eginez, etorkizunera begiratu gabe. Madeleinek, aldiz, ez du orainaldirik; haren begirada haratago doa, biziraupena da bere leitmotiva. Gaur egindakoak etorkizunean baliogarria izan behar duela uste du, eta beraz, ez du ezer plazer hutsagatik egingo. Bi izaera kontrajarri horien batzetik sortutako gaztaroko maitasun istorio ez konbentzionala erretratatuko digu Cailleyk.

Istorio txikia da, hitzik gabeko momentuz osatutakoa. Mundu nahasgarri honetan bidea aurkitzen lagunduko dizuten eskuak onartzeak duen garrantzia erakutsiko digu, eta bizirauteak orainaren galera dakarrela. Pretentsio handirik gabeko filma da, baina txikitasun horretan, bi aktore nagusien lana azpimarratu behar da. Azaïs eta Haenel. Biek ala biek Cesar sariak irabazi zituzten iaz Les Combattantsen eginiko lanagatik. Haien ezaugarri nagusia freskotasuna dela esango nuke. Madeleine bezalako pertsonaia berezia antzezteak arrisku bat du: oso erraza da pertsonaia esajeratu bat sortzea, inork sinetsiko ez duen pertsonaia bat. Baina Haenelek Madeleine zure bizilaguna izan daitekeela sinetsaraziko dizu, naturaltasuna ematen dio batere naturala ez den pertsonaia bati. Kévin Azaïsek, aldiz, Arnaud pertsonaia samurtasunez betetzen du, eta ikuslegoa haren heldutzearen partaide egingo du.

Cailleyren lehen film luzea da Les Combattants. Txikia izan arren, alderdi handi asko dituen lana. Cailleyk profesionalki biziko duen heldutze prozesuaren testigu izateko nahia sorraraziko diguna.