Aitzol Aramaioren omenezko Marabilli jaialdia hainbat diziplinaren arteko topaketa da. Aurten urriaren 1etik 4ra, ostegunetik igandera, egingo dute, eta besteak beste, Montxo Armendariz eta Asier Altuna zinegileen elkarrizketa eta Jon Egañaren Itzulerarik gabeko bidaia dokumentalaren proiekzioa programatu dituzte antolatzaileek.
Aitzol Aramaio zinegile eta gidoilaria 1971n jaio zen Ondarroan. Ikus-entzunezko ikasketak egin zituen EHUn, eta 2002an Terminal film laburra estreinatu zuen. Zuzendu zuen film luze bakarra, ostera, Unai Elorriagaren SPrako tranbia eleberrian oinarritutako Txokolate apur bat izan zen, 2008an, Héctor Alterio, Daniel Brühl eta Barbara Goenaga lagun. Horrez gain, Kepa Junkera, Berri Txarrak, Pi L.T. eta Mikel Urdangarinen bideoklipak osatu zituen. Zinegilea 2011n zendu zen, 40 urterekin, bihotzeko baten ondorioz.
Bada, sortzailearen omenezko jaialdiak hirugarren edizioa izango du aurtengoa. Urriko lehen egunetan egingo dute, 1etik 4ra, eta besteak beste, ikus-entzunezko ekitaldiak eskainiko dituzte.
Urriaren 2an, esaterako, Asier Altunak Montxo Armendariz zinegilea elkarrizketatuko du 20:30ean, eta urriaren 3an, larunbata, Jon Egañaren Itzulerarik gabeko bidaia dokumentala izango da ikusgai 12:00etan. 19:00etan, ostera, Zinemaldian lehiatuko den Altunaren Amama film berriren Making Offa proiektatuko dute; Koldo Almandozek osatu du.
Azken egunean, ostera, Iban Zunzunegiren Hurrengo geltokia dokumentala izango da ikusgai 12:00etan, eta Anarik bere emanaldiarekin jaialdia itxi aurretik, egun horretan bertan, baina 18:00etan, Ander Odriozolaren Bingen filma eskainiko dute.
Informazio gehiago nahi izanez gero, sartu hemen.