aramajapan_bakemono-promo

Mamoru Hosadaren Bakemono No Ko animaziozko filma eta Terence Daviesen Sunset Song drama, besteak beste, lehiatuko dira 63. Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean Asier Altunaren Amama euskal ekoizpenarekin.

Donostia Zinemaldiko Hautespen Batzordeak ondorengo zortzi filmak iragarri ditu gaur aurretik aditzera eman zituzten sei ekoizpenekin batera, tartean, Asier Altunaren Amama, Agustí Villarongaren El rey de la Habana eta Pablo Agüeroren Eva no duerme, Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian aritzeko:

Jean-Marie Larrieu eta Arnaud Larrieu zinegile frantziarren 21 nuits avec Pattie. Carolinek oporraldia etengo du ama Isabellen hiletara joateko. Hain zuzen, emakumea zaintzen zuen Pattie andrearekin hileta prestatzen hasiko da, baina amaren hilotza era misteriotsuan desagertuko da.

Mamoru Hosoda animearen maisuaren lan berriena, Bakemono No Ko. Sail Ofizialen parte hartuko duen lehen animaziozko filma izango da. Kyuta haur bakartiaren eta Kumatetsu alegiazko munduan bizi den haurren arteko abenturak pantailaratuko ditu.

Philippe Lesage kanadarraren Les Démons. Felix mutiko sentibera da protagonista; Montrealgo Old Longueuil auzora joango da bizitzera, eta bere beldurrak errealitate asaldatzaileko deabruekin nahasiko dira.

Lucile Hadzihalilovicek zuzendutako Evolution ekoizpen frantziar-belgikar-espainiarra. Hadzihalilovicek Zuzendari Berriak saria eskuratu zuen iaz Innoncence filmarekin, eta aurten emakumeak eta nerabeak soilik bizi diren uharte misteriotsu baten kasua ekarriko du. Bertan, Nicolas eta beste hainbat mutikori tratamendu mediko makurrak egingo dizkiete.

Ben Wheatley zinegile britainiarraren High-Rise. J.G. Ballard idazlearen eleberri homonimoan oinarritutako filmak Robert Lang doktorearen bizimodua du ardatz. Apartamentu berri batera joango da bizitzera, anonimotasun bila, baina bizilagunek ez diote esperotako lasaitasuna emango, eta bere izen ona zein osasun mentala eraikinarekin batera hondoratuko dira.

Levan Tutberidze georgiarraren Moira drama. Espetxetik atera berri den Mamuka bere sendia pobreziatik ateratzen ahaleginduko da mailegu bat eskatu eta arrantza-ontzi txiki bat erosiz, baina gauzak ez zaizkio espero bezala irtengo.

Rúnar Rúnarssonen Sparrows produkzio islandiar-danimarkar-kroaziarra. Ari izeneko hamasei urteko nerabea Reykjaviketik mendebaldeko fiordo urrunetara joango da aitarekin bizitzera, baina dena aldatuta aurkituko du, eta bere bidea egiten saiatuko da.

Terence Davies zinegile britainiar garaikide ezagunaren Sunset Song film epikoa. Gerra Handiaren garaian girotutako lan intimista Lewis Grassic Gibbon idazle eskoziarraren eleberrian oinarrituta dago.