Les combattants

Frantziatik helduko zaigu Thomas Cailleyk zuzendutako drama erromantikoa. 2014ko Canneseko Zinemaldian FIPRESCI saria jaso zuen, eta urte hartako César sarietan erabateko arrakasta erdietsi zuen, opera prima, emakumezko aktore (Adèle Haenel) eta gizonezko aktore berri (Kévin Azaïs) onenaren sariak eskuratuta. Arnaud (Azaïs) eta Madeleine (Haenel) gazteek, elkarrengandik oso ezberdinak izan arren, batzen dituen zerbait topatuko dute.

Bernie

2012ko Urrezko Globoetarako, Independent Spirit Awards sarietarako, Gotham sarietarako eta Critics Chocie Awards sarietarako hainbat izendapen lortu zituen Bernie komedia beltzak. Texaseko (AEB) Carthage herriko ehorzle Bernie Tiede (Jack Black) asko maite dute bizilagunek, baina alargun aberats eta gaizto baten (Shirley McLaine) lagun egingo da, eta horrek gauzak aldatuko ditu.

Une estonienne à Paris

Joan zen astean estreinatzekoa zen film frantziarra astebete atzeratu da, eta aste honetan izango dugu ikusgai gure zinema aretoetan. Frida izeneko adineko emakume estoniarrak (Jeanne Moreau) Frantziara emigratu zuen duela urte asko, eta orain herrikide duen emakume gazte batek (Laine Mägi) zainduko du. Ilmar Raag zinegile estoniarrak gidatutako zahartzaroari buruzko drama.

Mission: Impossible – Rogue Nation

Eta Tom Cruisen berriena ere bihartik aurrera izango dugu zinemetan. Mission: Impossible sagaren bosgarren atala Christopher McQuarriek zuzendu du. Ethan Hunt (Cruise) agenteak bere taldea bildu beharko du oso ongi prestatuta dauden eta eraso terroristak egiten dituzten agente sekretuz osatutako Sindikatu taldeari aurre egiteko. Rebecca Ferguson, Sean Harris, Alex Baldwin, Jeremy Renner, Paula Patton eta beste hainbat izar batu zaizkio oraingoan Cruise abenturazaleari.

Paper Towns

Nat Wolff eta Cara Delevignek, aldiz, Paper Towns nerabeentzako maitasun istorioa osatu dute. Jake Schreierrek zuzendu du filma, drama eta komedia uztartzen dituen road moviea. Maitasun kontuetan zorte oso txarra duen gazte Quentinek (Wolff) bizilagun eder eta enigmatiko Margoren bisita misteriotsua jasoko du gau batez. Mina egin diotenen aurka mendeku hartu nahiko du neskak, eta laguntza eskatuko dio. Baina hurrengo egunean, Margo desagertu egingo da, eta Quentinek haren bila abiatu beharko du, neskak utzi dizkion pistak jarraiki.

Westen

Chrsitian Schwochowk gidatu du, bestetik, 70eko hamarkadako Alemanian girotutako Westen drama. Nelly Senff (Jordis Triebel) eta seme Alexei (Tristan Globel) dira filmeko protagonistak, eta iraganeko izuak alboratzeko, Ekialdeko Berlindik alde egingo duten ama-semeen azaletan sartuko dira.

L’apôtre

Eta asteko estreinaldiekin amaitzeko, hona erlijio kontuak aztergai dituen L’apôtre film frantziarra. Akim izeneko gazte musulmana Frantzian bizi da, eta bere sendiak Imán bilakatzea espero du, osaba bezalaxe. Aldiz, Akimek kristautasuna besarkatzea erabakiko du, eta inguruko guztiak aurka jarriko zaizkio. Cheyenne Carronek zuzendutako drama.