Bilboko Udalak udako zinema saioak berreskuratuko ditu. Orotara bost saio prestatu dituzte, eta haietako bakoitza hiriko auzo batean egingo dute. Lehen emanaldia bihar bertan, abuztuak 4, asteartea, izango da 21:30ean Doña Casilda parkean. Lander Otaolaren Footing laburra eskainiko dute lehenik, eta Ocho apellidos vascos (Emilio Martínez-Lázaro, 2014) segidan.

Agorrilean zinema zure auzoan izena du ekimenak, eta doako saioak eskainiko ditu. Astearteko zitaren ostean, ostegunean helduko da bigarrena, Deustuko San Pedro plazan. Alex Angulo aktorea omenduko dute, eta horretarako El laberinto del fauno (Guillermo del Toro, 2006) eskainiko dute.

Hilaren 11n, datorren asteartea, aldiz, orain 40 urte estreinatu zuten Steven Spielbergen Jaws (1975) izango da ikusgai Errekaldeko plazan, eta ostegunean, abuztuak 13, E.T (1982) klasikoa Funikularraren plazan.

Emanaldiekin amaitzeko, baina, maiatz hasieran zendu zen Aitor Mazo aktorea omenduko dute hilaren 21ean. Saioa Santutxuko Karmelo plazan egingo dute, eta Patxo Telleriarekin batera zuzendu zuen Bypass (2012) proiektatuko dute.