Zineuskadiren Zinema Euskaraz programaren baitan, Ben Stassen eta Jeremy Degrusonen 2013ko Magiaren Etxea animaziozko filma euskaraz izango da ikusgai gaurtik aurrera Euskal Herriko dozena bat zinema aretotan.

Gasteizko Florida Guridi 7 eta Yelmo Boulevard zinemetan, Errenteriako Niessen zineman, Usurbilgo Urbil merkatal-zentroan, Donostiako Antigua Berri zinemetan, Iruñeko Golem zinemetan, Durangoko Zugazan, Getxoko Getxo Zineman, Barakaldoko Cinesa Max eta Yelmo Megapark zinemetan, Bilboko Cinesa Zubiarte eta Multicines 7 zinemetan, Leioako Cinesa Artean eta Portugaleteko Dock Cinen eskainiko dute Magiaren Etxea gaurtik aurrera.

Zinema Euskaraz ekimenak 2015ean euskaraz bikoizten duen zazpigarren lana da honakoa. Aurretik, The good son (Shirley Berkovitz, 2013), Pixkanaka-pixkanaka (hainbaten artean, 1996), 7. Ipotxa (Harald Siepermann eta Boris Aljinovic, 2014), Tom Txiki (Ernesto Padrón, 2014) eta Asterix (Alexandre Astier eta Louis Clichy, 2014) filmak, ia denak animaziozkoak, izan dira ikusgai Euskal Herriko zinema aretoetan. Hala, euskal haurrentzako kalitatezko eskaintza bermatu nahi dute.

Magiaren Etxea filmak jabeek kalean bakarrik utziko duten katakumearen abenturak pantailaratuko ditu; etxe misteriotsu batean sartuko da ohartu gabe, eta bertako izakiei aurre egin beharko die magoa den jabea lagun egin aurretik.